Borrar
Capitani, izen bereko telesailaren atal batean.
2.000 karaktere inguru

Luxenburgeraldia

Elebiko elkarrizketen bideragarritasuna zalantzan jartzen dutenei ongi etorriko litzaieke 'Capitani' telesail luxenburgotarra ikustea. Kapitulu bat, sikiera

Sábado, 16 de julio 2022, 20:15

Ez dizuet 'Capitani' telesaila gomendatuko, aspalditxo utzi niolako telesailak gomendatzeari, eta beste mundukoa ere ez delako. Hala ere, Luxenburgok Netflix plataformaren katalogoari egin dion lehen ekarpenak harrapatuta nauka. Ez tramagatik, ez aktoreengatik, ez paisaiengatik, hizkuntzen inguruko kontuengatik baizik. Telesailaren bi denboraldiak ikusita, Nafarroa Garaiaren laurdena den eta Gipuzkoak baino 70.000 biztanle gutxiago dituen herrialdearekiko dudan interesa telesaila ikusi aurreko bera da: hutsaren hurrengoa. Hizkuntzarena, hizkuntzena, beste kontu bat da.

300.000 hiztun baino ez dituen eta inguruetako bi mintzaira handiekiko menpekotasun egoeran dagoen luxenburgerak -Lëtzebuergesch-ak- jakin-mina zirikatu dit, eta hor ibiltzen naiz alemanaren lehengusu propioa den Luxemburgisch-eko esaldietan 'merci', 'frigo', 'pardon' eta horrelakoen arrantzan. Telesailaren generoa kontuan hartuta, 'flic' da gehien harrapatzen dudana. Lehen denboraldian afizionatu nintzen entretenimendu horretara. Bigarrenean gehiago ari naiz dedikatzen elebiko elkarrizketetara. Ez dakit egin ote duten Luxenburgeraldirik Luxenburgon, baina hemen askori ezinezkoa iruditzen zaion horrek -barregarria ere bai zenbaiti- guztiz naturala, praktikoa, egingarria eta eraginkorra ematen du fikzioan. Eta ez dut uste 8 milioi euro gastatuko zituztenik (hori omen bi denboraldietarako aurrekontua) elkarrizketa asimetrikoen aldeko komunikazio kanpaina subliminala egiteko.

Luxenburgera, alemana eta frantsesa etengabe nahasten eta gurutzatzen dira telesailean, herrialde hirueledun bati dagokion moduan. Elkarrizketa mota horren adibide nagusia, baina, Luc Capitani 'flic' ohia eta Bianca Petrova jatorri eslaviarreko prostitutaren arteko harremana da. Aldeko argudiorik onena ere bai. Luxenburgotarrak luxenburgeraz hitz egiten du; atzerritik etorriak frantsesari eusten dio une oro, eta inolako arazorik gabe ulertzen dute elkar. Spoiler: batzuetan elkar ulertzea ez da nahikoa arazoak modurik egokienean konpontzeko.

Capitani, pertsonaia interpretatzen duen eta hizkuntza desberdinen erabilerari buruz gauza oso interesagarriak esan dituen Luc Schiltz aktorea bera bezala, eleaniztuna da. Luxenburgerarekiko, Bianca sailkatu genezake «ulertzen dut, baina ez dut ondo hitz egiten» diotenen taldean. Capitanik, jakina, menderatzen du frantsesa, baina ez du berea duen eta berak aukeratu duen hizkuntza aldatzeko imintziorik egiten. Eta ez da ezer gertatzen. Hartzen diozue zerbaiten itxura?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Luxenburgeraldia

Luxenburgeraldia