
Secciones
Servicios
Destacamos
Nobela grafikoa, komikia, poema grafikoa... Deitura horiek guztiak eta jaso gabe gelditu zenen bat esleitu zizkioten aurkezpen ekitaldian hein batean definigaitza izateak definitzen duen 'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburuari. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du eta Elkarrek argitaratu du Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxek asmatu eta gauzatu duten Laboarenganako hurbilketa.
Oximoron hitza ere aipatu zen aurkezpenean, bi osagai ustez bateraezin eta kontrajarri elkartzean datzan figura erretorikoa lagungarri gerta zitekeelakoan sormenarekin eta sorkuntzarekin harreman aske eta sailkagaitza duen hirukoaren lana aurkezteko. Agian eromen oximoronetik datorrela gogoratzea ere izan daiteke ekarpen lagungarria erdietsi dutena azaltzeko: «Laboa besarkaezin eta iheskorra», «Laboa xamana», «bakoitzak bere buruan duen Laboa diferente» hori sartzea, behartu eta gehiegi estutu gabe, ezustekoz betetako 128 orrialdetan. Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen ustez, «logika guztiak apurtzen ditu irudimenez gainezka egiten duen liburuak».
Enkargua jaso eta, gutxitan bezala, baldintza egokietan lan egiteko aukera izan zuten hiru egileek onik baino hobeto gainditu dute erronka. Edizioaren aldetik ere aparta den liburua eskuetan hartzen duen edonork (prezioa, 22 euro, aldeko puntuen artean dago, nolakoa den ikusita) Laboaren bizitza askoz osatutako bizitza marraztuari begirada bat eman orduko jabetuko da hortaz.
«Hiru buruk pentsatua eta bi eskuk marraztua» den liburuari nondik heldu gogoetatzen hasi zirenean ez zeukaten biografia ohiko bati lotzeko asmorik, baina azkenean, «biografia agertzen joan zen». Ez molde kanonikoan, lanerako «askatasuna eta aldarte umoretsua» lehenetsi izanak emaitza aurreikustea galarazten zuten «arriskuzko eremuetan» barrena eraman baitzituen.
Azkenean, Unai Iturriagak gogoratu bezala, «terreno zehaztugabe eta arrikutsuetan eraikitzen joan zen, nahiko modu bertsolari batean, izan ditugun baldintza onei esker hasieratik amaierara denok batera osatzen ikusi dugun lana. Horregatik atera da atera den bezala».
Joseba Larratxe marrazkilari nafarraren lanak lotu ditu mutur guztiak, eta erabakigarria suertatu da izan ziren Laboa denei (akaso izan ez zenen bati ere bai: «Ez dago gezurrik, baina dena ez da erreala») lekua egiteko. Estilo, kolore-paleta, ikuspegi eta begirada aniztasun harrigarria zabaldu du irakurlearen begien aurrean, orrialde batetik bestera igarotzea sekulako abentura bilakatuz.
2015ean Harriet Ediciones sortu zuenetik, maiz ekartzen ditu gutiziak Euskal Herriko komikigintzako erreferentzia nagusietako bat den Gregorio Muro 'Harriet'-ek, baina aurten baliteke arantza bat atera izana... Izan ere, pare bat urte zeramatzaten «Euskal Herrian ematen ari den anomalia kultural batekin» kezkatuta, ohartu baitziren «euskarazko mangarik ez dagoela». Argitaletxeko kide Koro Murok emandako datuen arabera, justifikatua zegoen kezka: 2021ean 1.033 manga argitaratu ziren gazteleraz, 2.204 frantsesez, eta euskaraz ia bakar bat ere ez.
Hutsune hori betetzen joateko, manga narratibak bilduko dituen Kabe bilduma sortu du argitaletxeak. Iker Alvarezek euskaratu duen Tomomi Usuiren 'Cube Arts' komikiarekin abiatu da bilduma berria. Argitalpen gehiago bideratzeko lanean ari dira, saiatuz betiere gaztelaniara itzuli gabekoak lortzen.
Muroren ustez, euskararen aldetik ere mugarri garrantzitsua da urratsa, kontuan izanda nerabe eta gazteak direla mangazale nagusiak, eta orain arte ezin zutela zaletasun hori euskaraz asebete. Irakurle horiei zuzenduta dago argitaratu berri duten lehen komikia.
Fantasiaz zipriztindutako historiazaleak ere badira gazteak, nahiz eta Juan Luis Landaren kutsu klasikodun lanak adin mugarik gabe dasta daitezkeen. Lana helduentzako literaturari emandako ataleak kokatu duen Ereinen eskutik, 'Orreagako kronikak 2: Munjoie!' argitaratu berri du. 'Errolanen elezaharra' Orragako aurreneko kronika bezala, Koro Navarrok itzuli du VIII mendera garamatzan historia. Karlos Handiak, erresuma germaniarren konkistatzaile eta Erromako elizaren babesleak, Pirinioen hegoaldean inperio islamiarraren oldarrari eutsi ahal izateko Marka Hispaniarra ezarri beharra izan zuen garaietara, alegia. «Konkista itsu eta negargarri baten istorio» hau Orreagako gudu tragikoarekin eta mito baten sorrerarekin, Errolanen kantuarekin, amaituko da.
Ez dira gauzak gehiegi behartu behar horren eta Durangoko Azokan eskuragarri egongo den beste liburu baten arteko parekotasunak finkatzeko, konkista itsu, gudu tragikoa, izaera mitikoa lortu duen gertaera historikoa eta kanta bat biltzen baititu bere baitan, beste gauza askorekin batera, Asisko Urmenetaren 'Amaiur, Libera State' (Erroa argitaletxea). 1512 urteko pasarte historikoa ezaguna da: «ehun nafartar librek gogor egin ziote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil ziren eta bertze erdiak preso eraman zituzten». Egilearen laburpenaren arabera, liburu honetan «dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa».
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioaren sormen beka irabazi zuen 'Lurbinttoko ohoinak'-en egileak, Bilbon jaio eta Ziburun bizi den marrazkilariak, historiatik jo zuen, halaber. XVIII. mendean, Konbentzio Gerla bukatu berritan sorterriratze zaila izan zuten zenbaitek. Lurbintto izeneko eremua gordeleku bilakatu haien historia kontatu du Adurrek zuri-beltz ederrean.
Astiberri argitaletxeak euskarara ekarri duen 'Maus' nobela grafikoak aspaldi du toki oso nabarmena narrazio grafikoen historian. Iragan mendeko 80 eta 90ko hamarkadetan argitaratu zuen Art Spiegelman estatubatuarrak bere ardurapeko 'Raw' aldizkarian, eta liburu bilakatu zen ondoren, aldizkaria mugitzen zen giro alternatiboetatik irten eta hedapen zabalagoa lortuz. Pulitzer saria ere eman zioten: komiki bati emandako aurrenekoa eta bakarra. 'Maus' behin eta berriro kontatu behar den istorio bat da: nazien sarraski-esparruetatik bizirik irten zen Vladek Spiegelman judu poloniarraren biografia, Art seme komikigileak kontatua. Holokaustoari buruz aritzeko erabili izan diren moduetatik urrundu zen Spiegelman hunkigarritasun, gogortasun eta irakurlea asaldatzeko gaitasun izpirik galdu gabe.
Farmazia Beltzak 'No sleep till shengal' Zerocalcareren seigarren lana argitaratu du. «Premiazko kontakizuna da», aurrekoetan bezala itzulpenaz arduratu den Koldo Izagirreren ustez. Egilea Kurdistanera itzuli da, Irakaldera. Ezidiarrei buruzko kronika egiten du komiki honetan, isis-en atzaparretik ihes egin ostean milaka lagun horiek nola antolatu diren azaltzeko.
Publicidad
Óscar Beltrán de Otálora y Josemi Benítez (Gráficos)
Beñat Arnaiz | San Sebastián
Lourdes Pérez, Melchor Sáiz-Pardo, Sara I. Belled y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.