
Secciones
Servicios
Destacamos
Etxean hainbatetan entzun du Alaitz Melgarre Agirrek bere amonaren bizitza, neskame eta ama bakarra izan zena XX. mendean, baina inoiz ez zuen gehiegi sakondu ahal izan. Amarekin askotan izan du mintzagai eta ingurukoei «anekdota» moduan kontatu izan die. «Beti egon da familian, baina amamak ez zuen ezer kontatzen». Orain, Tene Mujika bekari esker haren bizitza ikertzeko aukera izango du. Hala erabaki baitu Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.
Josefa Aguirre Echeverria, Melgarren amona, 1927an jaio zen Azpeitian. Etxe pobreko garaiko neska asko bezala, neskame joan zen gaztetxoa zela, Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera. «Istorio aski ohikoa», Elkarrek aurkeztu bezala. Aldiz, «ezohiko osagarriak» ere baditu. Izan ere, besteak beste, haurdun geratu zen ezkondu gabe, Ingalaterrara joan zen lanera eta krisi mentalek psikiatrikora eraman zuten.
Orain, haren ilobak ikerlana abiatuko du «etxeko historia»osatzeko eta amonaren «trauma horiek» sendatzen laguntzeko. Gainera, haren istorioa publiko eginda beste askorentzat lagungarria izan daitekeela uste du, «beste emakume asko ere antzeko egoeran» egon ziren-eta.
Gogoz hartu du erronka eta jada baditu buruan zenbait erreferentzia, ingalaterrako kazetari batek 70. hamarkadan egindako antzeko ikerketa bat edota gertuago Maddi Ane Txoperenak idatzitako 'Ene baitan bizi da' nobela laburra. «Ingeleseko literaturan murgilduagoa nago eta hango erreferentziak ere baditut», azaldu du.
Argitaratzen hurrena Jon Artano kazetari zestoarra izango da, 2022ko Tene Mujika beka 'Anderik Ande' proiektuarekin eskuratu zuena. Honek bi atal izango ditu: lehena 'Joandakoez', Hego Amerikan gertatzen da eta bertara –Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuela– joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu; bigarrena, 'Etorritakoez', gaur egun Latinoamerikatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.
Tene Mujika beka Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz. Ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu eta Euskal Herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke (biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea. Epaimahaiak proiektua hautatu ostean egileak urtebeteko epea izan ohi du lana argitaratzeko.
Bide horretan ohikoena bakarra hautatzea bada ere, iaz epaimahaiak saria bi lani 'ex-aequo' ematea erabaki zuen eta Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabaki zuen irabazle bakoitzari 6.000 euro emanez. Hala, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landu zuten 'M ama* eme* ume*' liburuan eta Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egin zuen 'Isildutako eskuak' lanean.
Marko horren baitan askotarikoak dira argitaratu diren lanak. 2021ean Iñigo Lopez Simon historialari bilbotarrak Bilbon XX. mendearen erdialdean gertatu zen txabolismoa aztertu zuen testuinguru sozioekonomikoan kokatuz eta protagonisten bizipenak ahoz aho jasoz 'Bilboko etxola batean' liburuan.
Aurrez, besteak beste, 2019an Kattalin Minerrek 'Moio' kaleratu zuen, 2007an bere buruaz beste egin zuen Aimar Elosegi Ansa gazte hernaniar transexualaren suizidioaren hamargarren urteurrena bete zenean idaztea erabaki zuen liburua; eta 2018an Xabier Gantzarainek 'Zuloa', gaurko arte plastikoetan sartzeko giltza plazaratu zuen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.