
Secciones
Servicios
Destacamos
Felipe Juaristi
Viernes, 23 de mayo 2025, 12:30
Sartuak gara, behingoagatik, apiril biribilean, apiril arinean, euriak eta haizeak eta kazkabarraldi zakarra atzean lagata. Urteroko errituala, behin honaino iritsiz gero, T. S. Elioten 'The Waste Land' poema bere txokotik atera eta irakurtzen hastea, patxada osoz, etsaia beharrean, denbora adiskide izanik, eta, hitzak irentsi gabe, haiei poliki-poliki joaten utziz. «Apirila da hilik krudelena». Horrela hasten da, ez bestela. T. S. Elioten lana irakurri dugunok, hasieratik beretik galdera bera egiten dugu beti. Zergatik da apirila hil guztien artean krudelena, bortitzena, gogorrena, gaiztoena?
Apirila da, eta gure auzoan, errepide nagusira jotzen duen bidezidor estu baina garbian landatu zituzten gereziondoak loretan daude. Aurten, gainera, zuhaitzak jantziagoak ikusten ditugu, loreak lodiak dira eta esku ahurrean kabitu ezin, eta hain ugariak dira ezen, urrutitik begiratuta, hodei arrosa kolorekoa ematen duten batasun hala moduzko horretan. Lurra hotza dago oraindik, baina eguraldiak epeldu duenez, lore txiki xumeak, beren burua erakusteko beldurra dutenak, ageri dira, nahigabe bezala, han eta hemen, eta usain ezagun bat, neguan sentitu gabe izan dugun arren, zabaldu da lorategi eta parkeetan. Ez da bide ondoko etxeetako lursail gordinean sartutako laranjondoena bezain sarkor eta zirikatzailea. Bada nonahi, berpizte giro bat, zerbait erakargarri eta, era berean, eramangarri; maite ditugun toki horien mira egiten dugu, airean bada ere.
T. S. Eliotek idazten du oroimena eta desira nahasten direla, apiril biribilean. Oroimena bera ere iraganaren eta orainaren arteko nahasketa suerte bat baino ez da, gorako urak hartzen ditu eta beherakoekin nahasturik, badoa amaitzen ez den ibaian barrena. Baina oroimena bizia da, ibaia bezala, ura bezala, eta desira da biziari indarra ematen diona, hegalda dadin, pausa dadin lur emankor eta jorian, eman dezan bere fruitua, ustelduko ez dena, oroimenaren tira indartsua baita.
Lur irauliak azalera ekartzen ditu azpi-azpian, sakontasun beltzean, gordeta egon diren sustrai ustelak eta hazi hilak, ezer sortu ez, baina bizigai direnak. Heriotzaren lurrean bizitzak gaina hartzen du, eta duen onena emateko prest dago. Neguaren ondoren udaberria, apirilaren azalean batzen dira neguari eutsi dioten izakiak, zomorro eta beldar, katu eta zakur, bakarti eta bakarzale, isolamendutik ihesi dabiltzan gizon-emakumeak, argiaren etorrera arranditsua ospatzeko. Apirila hilik krudelena da bizitzari beldur eta izu handia diotenentzat, argiari muzin egin nahi dionarentzat, beren gorputzen mugetatik haratago joan nahi ez dutenentzat, maitasuna antzu eta amodio alferrekoa zaienentzat. Tristurari bazka emanez aurrera joaten saiatzen direnentzat.
Marcel Proustek esaldi batean laburbiltzen du halako egoera: «Lilien usain alferrekoa, tristura azkengabea».
Dena dela, poema handia da T. S. Eliotena, baina nago hainbesteko erreferentzia eta aipamentxo, hainbeste kanpoko lore eta beste sutegiko gar bertan egon arren, poetaren beraren egoera intimo eta barnekoena azaldu nahi duela. Poesiak ez du engainatzen, edo, engainatzen badu, ez da poesia, beste zerbait baizik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El motorista fallecido en Quintanilla de Trigueros es hermano del alcalde de Cigales
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.