Borrar
Iñaki Irasizabal, 'Lehertu baino lehen' liburuaren aurkezpenaren aurretik. Gorka Estrada
Iñaki Irasizabal | 'Lehertu baino lehen'

Bikote baten komunikazio falta eta «erantzunekiko beldurra» ardatz dituen thrillerra

Iñaki Irasizabalek 'Lehertu baino lehen' (Elkar) aurkeztu du, Erik eta Aroaren «konfesioa» aitzaki izanda «dilema moralak» lantzen dituen eleberri laburra

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 19 de febrero 2025, 14:07

Bere eleberriek duten abiadura berean mintzo da Iñaki Irasizabal eta azken lana, 'Lehertu baino lehen' (Elkar), aurkezteko agerraldia haren literatura bezalakoa izan da: arina, azkarra eta ulerterraza. «Ez da poliziakoa, enigma nobeletan helburua beti baita datu batzuk emanda 'X'-a asmatzea, hau da, hiltzailea nor zen jakitea. Hemen delitua nork egin duen argitzea baino zergatia da interesgarria, inguruko detaileak», aurreratu du egileak.

'Lehertu baino lehen' eleberri laburreko protagonista nagusiak bi dira, Erik eta Aroa, editorea eta erizaina hurrenez hurren, «bikote gaztea», egileak azaldu duenez «oro har ondo konpontzen dena», baina euren arteko komunikazioa «oso eskasa» dena. Zirrikitu horiek zukutu ditu, zalantzaz beteriko pertsonaiak baitira. «Erantzunen beldurra dute eta bakoitzak bere aldetik ikertzea erabakitzen du, eta horrek bazterrak nahastea dakar», aurreratu du.

Egitura aldetik liburua ez dago kapituluka banatuta, idazleak esan bezala «konfesio moduko bat» delako testua eta hala hobe ikusten zuelako. Irakurleak, hala ere, bi atal orokor eta ezberdin ditu. Lehena udaberria, Erikek kontatua, «zertxobait luzeagoa»; bigarrena udazkena, Aroak kontatua, zertxobait laburragoa. Eta erdian «intermedio txikiago» bat beste pertsonaia batek narratua.

'Lehertu baino lehen'

'Lehertu baino lehen'
  • Egilea: Iñaki Irasizabal.

  • Argitaletxea: Elkar.

  • Orrialdeak: 108.

  • Prezioa: 12 euro.

Hain zuzen, horixe da Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Irasizabalen aurreko lanekiko nabarmendutako ezberdintasun nagusia, «inoiz baino gehiago erreparatu diola bikote barruko bizitzari». Izan ere, bere hitzetan, egileak «thriller edo nobela beltza» idazten badu ere, azkena 2023an argitaratutako 'Otsoa etorriko da', bere interesa, asmoa edo kezka nagusia ez da «nork hil duen hildakoa. Krimen edo delituaren haritik tiraka hasten da bizitzaz, gizarteaz, sistemaz edo munduaz hitz egiteko. Sakonean dilema moralak ditu mintzagai».

Kasu honetan, sinopsiak dioen bezala, «harremana onbideratzeko estrategia bat pentsatuko du Erikek, baina gauzak okertu egingo dira, ustekabean. Hortik aurrera, beste norabide bat hartzen du eleberriak, eta thrillerraren misterioarekin batera dilema moralek hartzen dute nagusitasuna: besteaz fidatu ala barruan gorde; egia osoa aitortu ala zain egon, okerrena pasatu arte».

Bestetik, umore puntu batekin, protagonistetako bat editore izana nabarmendu du Mendigurenek. «Nigan inspiratu ote zara?», bota dio barre artean. Enbidoari helduta, Irasizabalek azaldu du ofizioak «aitzakia» hutsa izan direla «gertakariak bideratzeko». «Mundu interesgarriak eta aukeraz beteak dira thrillerra kokatzeko».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bikote baten komunikazio falta eta «erantzunekiko beldurra» ardatz dituen thrillerra

Bikote baten komunikazio falta eta «erantzunekiko beldurra» ardatz dituen thrillerra