Borrar
Xabier Lete 2008ko azaroaren azken egunetan, 'Egunsentiaren esku izoztuak' aurkeztu zuen egunean. MICHELENA

«Xabier Lete ez zegoen sekula konforme bere lanarekin»

'Elurra ikusi dut' antologia osatzeko kantari, musikari eta poeta oiartzuarraren obra arakatu du Koldo Izagirrek, nahiz eta ezin izan duen Aldundiaren esku dagoen Leteren funtsa aztertu

N. AZURMENDI

Miércoles, 22 de noviembre 2017

«Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut Bianditz mendiaren hegal-gailurretan...». Honela hasi zuen Xabier Letek 'Egunsentiaren esku izoztuak' (Pamiela, 2008) liburuan jasotako poemetako bat. Elkarrek argitaratu duen 'Elurra ikusi dut' antologian ere badago nostalgia darion poema hori, Leteren beste 130etik gora lanekin batera.

Xabier Letek (Oiartzun, 1944-Donostia, 2010) kanturako idatzi zituen zenbait letra eta argitaratu zituen liburuetan bildutako hainbat poema aukeratu ditu Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) eta, horiekin guztiekin, Leteren «antologia partzial» bat atondu du. Partziala da sortzez eta propio falta zaiolako orotarikoa izateko bokazioa. Liburuaren izenburuak berak adierazten duen moduan, 'Koldo Izagirreren antologia bat' delako ere bada partziala. Eta baliteke hirugarren arrazoi batengatik ere izatea partziala, liburua ixten duen oharrean honakoa baitio Koldo Izagirrek: «Uztailaren 21ean eskabidea bete nuen KM Liburutegi publikoan Xabier Leteren funtsa ikusteko. Ez zait erantzunik heldu». Heldu zaizkio Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren desenkusak –«eskertzen eta sinesten ditut», esan zuen–, baina egileak gaia bere horretan utzi zuen arren, zenbait galdera zintzilik geratu ziren airean.

Aurretik ere luzea izan du soka egitasmoak. Hasiera batean, Letek berak zuen antologia osatzeko asmoa. Ez zuen burutu, eta poeta hilberritan Elkarrek Izagirreri eskatu zion segida har zezan. Ezezkoa eman zien orduko hartan, baina azkenean gauzatu da denen aspaldiko asmoa. «Ez dut kokatu Leteren obra gure literaturaren historian. Honelako beste lan partzial asko behar dira horretarako», esan zuen atzo Izagirrek Donostian, Elkarreko editore Xabier Mendiguren ondoan zuela egin zuen aurkezpenean.

Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren, liburuaren aurkezpenean. SARA SANTOS

«Nire irizpideen araberako» antologia osatzeko, «irakurketa analitiko baterako metodologia» finkatu ostean, Letek erabilitako gai nagusiak antzeman ditu, «poemen interpretazio estetikoa» egin du, eta bi 'ordenaren' arabera eman ditu. Batetik, errenkadan irakur daitezke, ordena kronologikoan, 1967tik 2008ra arteko lanak. Kanta oso ezagunak, horrenbeste hedatu ez diren poemak, «beti bere buruarekin borrokan, lanarekin sekula konforme ez» ibili ohi zen Lete berriz gurera ekartzeko hautatuak.

Liburuan, hain zuzen, «Letek poesiarekin izan zituen harreman konplikatuak» islatu ditu egileak. Poesiarekin, musikarekin, kantagintzarekin, kantuarekin... «Autore berezia izan zen, konpletoa: letragilea, kantaria, poeta, musikaria... Baina bere burua ez zeukan musikaritzat, poetatzat ere ez». Leteren izaeraren alde hori islatzen duen pasadizo bat ekarri zuen gogora Izagirrek, Elkarren aurreneko eskaerari ezezkoa eman izanari lotua. 2000-2002 urteetan Koldo Izagirrek 'XX. mendeko poesia kaierak' proiektua garatu zuen, Susa argitaletxearekin. 40 euskal poetaren antologiak prestatu zituen, eta Lete falta. Ez ahaztua zuelako, baizik eta proposamena egin zionean Letek berak egin ziolako uko bilduman egoteari. «Zalantzak zeuzkan, beldurra-edo, ez zegoen konforme bere lanarekin», gogoratu zuen Izagirrek. Antologiarik gabe gelditu zen orduan, beraz, Lete, eta zulo handi batekin XX. mendeko poeten bilduma.

Azkenean badu. 304 orrialde eta 21 euroko prezioa duen liburu zaindu, landu eta ederrean.

Poemen arteko hariak

Irakurketa lineal hori ez da Izagirrek proposatu duen bakarra. Poemak elkarren artean lotzen dituzten hariak aurkitu eta argiztatu ditu. Hala Leteren hitzak irakur daitezke denboran atzera eta aurrera, ikusteko zein tinko eutsi zien bere lana markatu zuten gaiei. Esate baterako, 1969ko 'Maiteaz galdezka' kantaren eta 2008ko 'Neguan izan zen' poemaren artean 39 urte eta 170 orrialde daude, baina Izagirreren «nabigazio» sistemak erakusten du zein hurbil dauden elkarrengandik.

Beste azterketa batzuk egiteko ere lagungarria da Izagirrek osatu duen mapa modukia. Hasieratik bukaerara lagun izan zuen kezka existentziala eta heriotzaren errepresentazioak aztertuta, esaterako, ikus daiteke «gorabehera handikoa» izan zela bere poemetan, «kontradiktorioa, batzuetan optimista, besteetan pesimista». Mota horretako alderaketa egiteko balio dute, besteak beste, poemen arteko erreferentzia gurutzatuek.

Poemak eta, esan bezala, kantak. Kantagintzan aritu zen urteek utzi zuten arrastoa Leteren testuetan, musikaltasuna. «Musika utzi zuenean, urrundu egin zen musikaltasunetik. Kontzienteki egin zuen urratsa», esan zuen Koldo Izagirrek.

Liburura ekarritako poema dezente euskara batua erabat osatu aurrekoak dira. Poema beraren bertsio desberdinak ere aurkitu ditu Izagirrek. Koska hori gainditu du «Leteri traizioa eginez, baina literaturari ez». Lehenbiziko bertsioa hartu du, alegia. Euskararen ingurukoak bideratzeko orduan, «saiatu gara mantentzen kutunak zituen hitzak. Leteren hizkera zarpail samarra ere bere horretan utzi dugu, batura malgutasunez ekarriz».

Izagirrek ez du antologia akademiko bat osatu. Hala ere, liburuak badu bere aparatu kritikoa, hala nola biobibliografia eta, pisu handiko pieza, 'Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz' epilogoa, 'Ohar batzuk marmolistentzat' atala barne duena. Ez da luzea, baina ezinbestekotzat jo daiteke Lete ulertzeko, Izagirrek fokopean jarri dituen zenbait pasarte polemiko barne. Lan mamitsu horren bertsio hedatua, abenduaren 20an Donostiako KM kulturunean eskainiko duen hitzaldian.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Xabier Lete ez zegoen sekula konforme bere lanarekin»

«Xabier Lete ez zegoen sekula konforme bere lanarekin»