Secciones
Servicios
Destacamos
Autotxoke banatan igota baleude bezala, elkar joka dabiltza nire burmuineko bi hemisferioak. Eta ni bietako zeini kaso egin asmatu gabe. Mozartek pianorako idatzi zituen 26 sonatak buklean entzun ditut, sinkronizatzaile onak zirelakoan, baina 'Mozart efektuak' ez du funtzionatu. Agian pixka bat bai, etxeko landareekin. Berdeago eta mardulago daude, baina nire garuneko hemisferio biek nork bere kasa jarraitzen dute, eta harmonia falta horrek haizeak hostoak bezala darabil nire gogoa airean, aldarte batetik bestera: ezkerreko hemisferio arrazionalaren morroi batzuetan; emozioak (optimismoa barne) gobernatzen omen dituen eskuinekoaren menpe beste zenbaitetan.
Egokiera ezegonkor horretan, panpina kulunkarien moduan orain batera eta gero bestera, ez dago ondo kokatzerik, ezta testuingurua taxuz irakurtzerik ere. Arreta ipintzen bada erakunde gehienetatik edo susmatu ere egiten ez genuen kopuru ikaragarrian loratu diren adituengandik iristen zaizkigun iragarpen eta profezietan, hemisferio arrazionalak gogor eusten dio bolanteari, sakatzen du hondoraino pedala eta, pare bat kolpe zehatz emanda, indarge uzten du bestea.
Erreparatzen badiegu, berriz, udaren balantze aurreratu gisa zabaltzen ari diren datuei, zerbaitek aktibatzen du eskuin hemisferioko lobulu frontaleko puntu zehatz bat, eta optimismoa oldartzen zaio arrazionalki jokatuz gero aproposagoa izango litzatekeen ezkortasunari. Hotelak beteta eta inoizko errentagarritasun handiena lortzen; taberna eta jatetxeak mukuru; tokirik ez terrazetan; lanpostuak bete gabe, eskulan faltan; arropa merkea tonaka saltzen duen dendatzarra zabaltzear inbertsio-funts itzel batek kudeatzen duen merkataritza-gune erraldoi batean... Dena ongi! Euforiak jota irudikatzen dut eskuin hemisferioa, harroxko samar, apur bat oilarturik, ezkerrekoari galdetuz «zer duzu orain esateko, festa-izorratzaile gizagaixo horrek?».
Eta ni, garezurrak justu-justu eusten diela bien arteko zartakoei, agintea nori eman jakin gabe, ziurgabetasunean harrapatuta. Horrela ezin denez orainaldia kudeatu, are gutxiago etorkizuna igarri, ohi bezala iraganera narama senak.
Gaurkoarekin antz handirik ez izan arren kidekotasun ugari zeuzkan une batera, non urte arteko inflazio-tasa % 15ekoa eta hortik gorakoa zen, eta Yom Kippur edo Urriko Gerraren ondoren herrialde arabiarrek petrolioaren iturria aldi baterako itxi zuten, prezioen gorakada eta hornikuntza arazo handiak sortuz, aurreko hamarkadetako oparoaldia erabat galgatuz. Ez dira oraindik igaro 50 urte.
Kointzidentziak gezurtiak dira, ez zaie eman behar daukatena baino garrantzi handiagorik; ukatu ere ez, baina, eduki dezaketen apurra. Orduko Euskal Herria eta gaurkoa, jakina, oso desberdinak dira, eta ez da alderik txikiena garai hartakoa Francoren diktaduraren pean egotea. Hain zuzen ere, alde guztietatik oso-oso zaila zen testuinguruak egiten du miresgarria orain dela mende erdiko gizarte-ekimenaren indarra. Errepasatu 2022 honetan 50 urte bete dituzten eragileen zerrenda –Elhuyar, Elkar, Kresala, UEU eta beste...– eta atera gero kontuak. Lezioak eta ondorioak ateratzea ere badago.
Gertatzen ari denari beste era batera begiratzeko akuilua izan daiteke, halaber. Eskala aldatu eta barne hartu ezinezko magnitudeei, adierazpen hanpatuei eta maiz laborategi kutsua darien neurriz kanpoko nahigabe eta pozei adi egon beharrean, arreta inguru hurbilean eta arlo askotan askoren ahaleginari esker abian diren ekimen eraldatzaileetan jartzeko abagunea, beste bide batzuk ezagutu eta saiatzekoa. Pentsatze hutsarekin, ari da baretzen hemisferioen arteko borroka. Hau bakea!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Investigan si el incendio de Puerto Real ha sido provocado
La Voz de Cádiz
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.