Borrar
Joana Acha bere UPV/EHUKo bulegoan Gorka Estrada. UPV/EHU
Haurren irakurmena eta idazmena hobeto garatzen dira eskuz idatziz trebatzen direnean, EHUren ikerketa baten arabera

Haurren irakurmena eta idazmena hobeto garatzen dira eskuz idatziz trebatzen direnean, EHUren ikerketa baten arabera

Ikasteko mekanografia erabiltzen dutenean umeen irakurtzeko eta idazteko konpetentzia eskasagoa dela ondorioztatu dute

A. Urbieta

Donostia

Domingo, 18 de mayo 2025, 21:22

Azken urteetan ikasgelek izan duten digitalizazioarekin batera, arkatza eta papera alboratzearen onurak zalantzan jartzen dituzten ahotsak ere areagotuz joan dira. Pantailen gehiegizko erabilerak arreta eta kontzentraziorako gaitasuna murriztea dakarrela diote ahots horiek, besteak beste, kosta egiten zaiela testu luzeak irakurtzea eta irakurmenean zentratzea. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) egin berri duen ikerketa baten ondorioak bide beretik doaz.

Izan ere, egun ohikoa da haurren ikasgeletan baliabide digitalak egotea eta zenbait ikasketa-prozesutarako tresna moduan erabiltzea. Esaterako, badira irakurtzen eta idazten ikasten ari diren umeei bideratutako programa informatikoak. Halako metodoen agerpenaren eragina neurtzeko, aipatu ikerketa honek alderaketa bat egin du eskuz eta mekanografia bitartez trebatzeak haurren gaitasunetan zer ondorio dituen aztertzeko: «Ikusita umeek gero eta gutxiago idazten dutela eskuz, ikertu nahi genuen horrek gaitasun alfabetikoetan eta ortografikoetan zer eragin daukan. Hau da, ikusi nahi genuen ea hizkiak ikasteko gaitasuna zein hitzen egitura barneratu eta gogoratzeko ahalmena desberdin garatzen den eskuz trebatuta edo teklatuak erabilita. Ondorioztatu dugu eskuz aritutakoek eskuratu dituztela emaitzarik onenak», azaldu du Joana Acha ikertzaileak.

Ondorio horretara iristeko esperimentu bat egin dute 5-6 urteko haurrekin. Adin hori aukeratu dute une ebolutiborik aproposena delako. Hain zuzen ere, orduan hasten baitira irakurtzeko eta idazteko gaitasuna eskuratzen. Hala, oinarrizko irakurmena duten 50 umeri alfabeto georgiarreko eta armeniarreko 9 hizki irakatsi dizkiete, baita horiek konbinatuz ikertzaileek asmatutako 16 sasihitz ere. «Helburua da umeentzat erabat berriak ziren letrak eta hitzak erabiltzea, ziurtatzeko hutsetik ikasten ari direla«, dio Achak.

Hala, ikasle guztiei hizki eta hitz berriak irakatsi dizkiete, baina ez guztiei modu berean: erdiei, eskuz praktikatuz, eta beste erdiei, teklatuen bidez. Era horretan, Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanak grafomotrizitateak duen garrantziari erreparatu ahal izan dio. Hau da, irakurtzen eta idazteko prozesuan eskua asko edo gutxi mugitzeak zer nolako eragina duen. Izan ere, teklatuekin idazten dugunean ez dugu hizkiaren forma trazatzen eta, beraz, grafomotrizitatea baxua da. Aldiz, eskuz, handia.

»Behin hizki eta hitz berriak irakatsita eta haur-talde bakoitza metodo batekin entrenatuta, eskuratutako ezagutzak ebaluatzeko hiru proba egin dizkiegu. Letrak zein sasihitzak identifikatzeko, idazteko eta ahoskatzeko gaitasuna neurtu dugu eta emaitzek argi adierazi dute eskuz praktikatu dutenek trebezia handiagoa garatu dutela. Batez ere, sasihitzekin nabari da aldea; ordenagailuekin ikasi zuten ia guztiek hizkien sekuentziei lotutako ariketak gaizki egin dituzte. Beraz, grafomotrizitatea garrantzitsua dela berretsi du gure lanak», azaldu du Achak.

Aldagarritasunak ere badu eragina

Baina ez diote eskuaren mugimendu-mailak duen inpaktuari bakarrik begiratu. Eskuz eta teklatuekin ari ziren taldeak, hasieratik, bi azpimultzotan banatu zituzten. Hizkiak eta hitzak irakasterako garaian, arkatzarekin ari zirenen artean, batzuei puntutxoz markatutako gidei jarraitzeko eskatu zieten (aldagarritasun txikiko teknika). Besteek, berriz, inolako erreferentziarik gabe praktikatu zuten: orri zurian libreki kopiatuz (aldagarritasun handia). Ordenagailuekin ari zirenekin ere gauza bera egin zuten: batzuek beti tipografia bera erabili zuten trebatzeko (adib. Comic Sans), eta besteek, bat baino gehiago. Horrela, grafomotrizitateaz gain, aldagarritasunaren faktoreak ere zer nolako eragina duen aztertu ahal izan dute.

Ikusi dutena da eskuz trebatutakoek teklatuekin aritutako guztiek baino konpetentzia hobea zutela, baina arkatza eta paperarekin praktikatu zutenen artean ere, badela desberdintasunik. Modu librean entrenatu zirenek eskuratu zituzten emaitzarik onenak. «Beraz, ondorioztatu duguna da hasieran umeei praktikatzeko trazu bat edukitzeak laguntzen dien arren, behin mugimendu txikiak eta zehatzak gutxi gorabehera egiteko gai direnean, komenigarria dela idazketa librera pasatzea. Dena dela, argien dagoena da eskuzko praktikak lehenetsi behar direla ikasketa-prozesuetan. Eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dutela hoberen eta, hortaz, gailu teknologikoak soilik osagarri modura erabili beharko liratekeela», dio Achak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Haurren irakurmena eta idazmena hobeto garatzen dira eskuz idatziz trebatzen direnean, EHUren ikerketa baten arabera