Borrar
Edurne Koch, Aitor Bengoetxea eta Irati Iciar, aurkezpenean.
Hogei jardunaldi eta topaketa dakartza UEUko arnasgune akademikoak

Hogei jardunaldi eta topaketa dakartza UEUko arnasgune akademikoak

Euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratuko ditu Udako Euskal Unibertsitateak ekainararen 11atik uztailaren 11ra

Gaizka Lasa

San Sebastián

Miércoles, 21 de mayo 2025, 15:23

Ikasteko eta hausnartzeko aukera berriekin dator beste behin Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), betiere euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak mahaigaineratuz. Gaur goizean Iruñean aurkeztu du egitarau oparoa: 20 jardunaldi eta topaketa, hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutakoak. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte ikastaroak UEUko arduradunek.

Aurkezpenean Aitor Bengoetxea Alkortak, UEUko zuzendariak; Irati Iciar Madinabeitiak, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak eta Edurne Koch Elizegik UEUko Nafarroako arduradunak parte hartu dute.

Zuzendariak ikastaroen izaeraren bilakaera nabarmendu du. «Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta duela bi urte ospatu genuen 50. urteurrenaren hariari jarraikiz, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain. Besteak beste, hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz».

Irati Iciarrek, bestalde, «izaera herritarra» azpimarratu du. Izan ere, ikastaro hauen bitartez «euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte-hartzea sustatuko dugu. Era berean, udakoak ere badira UEUrentzat estrategikoak diren aliantza eta lankidetzak garatzeko egitasmoak.» Aurtengoan Iruñea, Baiona eta Eibarrez gain, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara ere iritsiko dira UEUren Udako Ikastaroak.

Iciarrek hurbiltasuna aldarrikatu du. «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere«.

Aurtengo Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute, ekainaren 11tik uztailaren 11ra eta jardunaldietako bat irailera ere zabalduko da. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Informazio guztia www.ueu.eus helbidean aurkitu ahal da.

UDAKO IKASTAROEN ZERRENDA

Hasiera-ekitaldia: Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu (Bilbo, ekainak 11)

Arnasguneei arnasa ematen. Egungo gizarte-aldaketen aurrean zer behar dute arnasguneek euskarari arnasa ematen segitzeko? (Tolosa, ekainak 12)

Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin. (Eibar, ekainak 13)

Gizarte Ekonomiako Euskal Ikertzaileen Topaketa. (Eibar, ekainak 17)

Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen. (Jakin jardunaldia). (Usurbil, ekainak 19 eta 20)

Irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak: Berme Sistema Parte-hartzaileak. (Usurbil, ekainak 19)

Filosofo Euskaldunen II. Bilkura: filosofia hormarik gabe. (Iruñea, ekainak 26 eta 27)

Informatikaren oinarriak eta pentsaera konputazionala desentxufaturik: JolasMATIKA. (Iruñea, ekainak 26 eta 27)

Euskararen periferiak / periferia euskaldunak: esperientziak eta oinarriak. (Gasteiz, ekainak 30)

Gaur egungo Euskal Herria, kolonialismoaren emaitza al da? (Gasteiz, ekainak 30)

Berrikuntza Pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa. (Eibar, uztailak 1-3)

Benetan inklusiboa al da gure hezkuntza ikasle gorrentzat? Interpreteaz haratago, hizkuntza, identitatea eta komunitatea erdigunean. (Eibar, uztailak 1)

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen XI. Bilkura: Euskal liburutegi nazionala: iragana, oraina eta geroa. (Eibar, uztailak 3)

Hizkuntzalaritza Klinikoko II. jardunaldia. (Baiona, uztailak 4)

Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan. Irakasle literaturazaleon topaketa. (Baiona, uztailak 7 eta 8)

Argazkiak Commonsera masiboki igo OpenRefine bidez. (Baiona, uztailak 8)

Euskal literatura eta arte garaikideen irakurketa feministak eta queerrak. Espazioak, afektuak eta erresistentziak. (Eibar, uztailak 10)

Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen. (Errenteria, uztailak 11)

Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat. (Eibar, irailak 11 eta 12)

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hogei jardunaldi eta topaketa dakartza UEUko arnasgune akademikoak