Borrar
Birusetik gerrara

Jainko berriak

Giroak besterik iradotzen badu ere, itxura batean gehiago urrundu gaitu pandemiak lehendik ere beheraldian zeuden erlijio sinesmenetatik

Viernes, 15 de abril 2022, 09:17

Aurrekoan agindu nizuen hasiko nintzela partekatzen honen guztiaren aurreko munduan ordena apur bat jartzen zuten geruzen inplosioaren ondorengo nahaspilan ikusten eta ikasten ari naizena.

Ez ba. Gaurko kontu honek ez du jatorria elkarren segidako epifania pandemiko-beliko sorta horretan, orain astebete-edo zenbait egunkaritan irakurritako berri batean baizik. Berriak zioen ('aumenta'-tik 'se dispara'-ra bitartean dauden areagotze gradu guztiak baliatuta), nabarmen handitu dela pandemian edo pandemiaren ondorioz sinesgabeen kopurua Espainian.

Iturria Fundació Ferrer i Guardia delakoak aurkeztu berri duen izen bereko txostenaren hamargarren edizioa da. Izan ere, hamarkada bat daramate txosten horren bidez laikotasunaren (eta horren ifrentzua izan daitekeen erlijiositatearen) bilakaera aztertzen. Aurtengo edizioaren berritasun nagusia izan da egiaztatzea Espainiako gizartearen sekularizazioa azkartu egin dela pandemia hasi zenetik: 2019an biztanleen %27,5 ziren beren buruak sinesgabetzat jotzen zituztenak. 2021ean %37,1eraino igo zen kopurua; %56,2raino 34 urtetik beherakoen artean; 18 urtetik 24ra bitartekoen artean, berriz, %63,5eraino.

«Gazteenen artean, manifestazio teknologikoek hartu dute formula metafisikoen tokia»Jainko berriek bi hamarkadatan menperatu dute mundua, zaharren amarruak erabilita

Testuinguru paradoxikoan jartzen dituzte datuok egunotako errituak, baina hori lehendik ere bagenekien. Eta uste genuen, halaber, hondamen garaietan beti begiratu izan diela gizakiak jainko plural eta singularrei, laguntza, babes edo kontsolamendu eske. Itxaropen bila. Ixura batean, justu kontrakoa ari da gertatzen oraingoan.

Pentsatzen jarrita, okurritu zait akaso gauzatu dela, inor konturatu gabe, jainkoen beharrik ez duen supergizakiaren etorrera, gure artean egon daitezkeela ekaitz bortitzenei beren kabuz, kanpo laguntzarik eta efektu berezirik gabe, aurre egin diezaieketen superemakume eta supergizonak, guztiahaltasuna eta orojakintza urrutiko zera ikusezin baten eskuetan uzteko beharra sentitzen ez duten izaki autonomoak.

Amets gehienekin gertatzen zaidan bezala, fundazioko presidenteorde eta Etika irakasle (eta Ada Colauren mentore, irakurri dut) Vicenç Molinak indargabetu dit kutsu nietzschearrekoa. «Gazteenen artean –esan du, nahiz eta zaharrok ere merezi dugun talde horretan egotea– manifestazio teknologikoek hartu dute formula metafisikoen tokia. Horiek ere dogmak dira».

Ondo ulertu badut, hortaz, jainkotasunaren transferentzia moduko baten lekuko ari gara izaten, non jainko zaharren tokia hartzen ari diren izen-abizenak (eta naturaz gaindiko fortunak) dituzten zenbait pertsonak eta sekula ezagutuko ez ditugun izaki ilunagoek asmatutako jainko berriak.

Multinazional zorrotzenaren eraginkortasun exijentziak aise gaindituko lituzketenak, alegia, bi hamarkadatan lortu baitute mundua menpean edukitzea, maiz jainko zaharrenak bezain zaharrak diren estrategia eta amarruak erabilita.

Jainko zaharrek bezala, haien eskutik ere bai maiz, unean uneko aliantza guztiz gizatiarrak egiteko gaitasuna dute jainko berriek. Une honetan Europa korritzen ari den fantasma atzerakoi konspirazionistarekin. esaterako. Marru oso ozenki egiten ari diren gerraren jainko berpiztuekin ere bai. Jainko berriek, alegia, gaitzerako eta onerako gaitasuna dute, aurreko guztiek bezala. Guk, ordea, beste garai batzuetan baino eskurago dugu agintea, klik batera, askok deskubritzeke duten saguaren boterean.

Gainerako askoren atzean dagoen jainko nagusia ez dut ahaztu, ez pentsa. Etxerakoan ikusten dudan pintadak berritsukeriak baino hobeto dakar gogora zein den: 'Cash, jainko bakarra'.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jainko berriak