
Secciones
Servicios
Destacamos
Jakin, beharbada, badakizue Patxi Bisquert film bat ari dela errodatzen, jende andanaren zein udaletxe eta hainbat erakunde majoren laguntzaz.
Mikromezenasgo moduan egin du, bai, aurrera, Argentinan zein Euskal Herrian kokatzen den 'Ombuaren itzala', Zizurkilgo Pedro Mari Otaño bertsolari eta poetari bere garaian izan zuen ospea bueltatu eta gureetan zor diogun aitortza egingo diona.
Jakin, igual ez duzue jakingo ombua zer den… Argentinako Panpako arbola handi eta miresgarria, amairik gabeko lautada haietako biztanleei eta beren haziendari itzal abegikorra eskuzabal eskaintzen diena, familien eremuetako mugak ezartzen dituena.
Baditu Otañok bertso eder askoak Omburi jarriak, gero Koldo Izagirrek gaztelaniara ekarriko zituenak:
Euskal Herriko lur maite hartan jaio nintzan baserrian,
itzal haundiko intxaur arbol bat dago gure atarian ;
haren ondotik irtenda noiznahi maldako gaztainadian
edo sagarrik onenak jaten luberriko sagastian,
arbol tartean bizitu nintzan gazte denbora guztian.
Denak utzita etorri nintzan, lur hau ikusi nahi nuan:
haritz tantaiak, pago lerdenak, nola ez izan goguan!
Orain artzantzan Ameriketan arrantxo baten onduan,
eguna pasa larrean eta jiratzen naizen orduan,
nere begiak gozatzen dira aldameneko ombuan.
Hainbesteraino tristetutzen naiz eremu zabal hoietan,
arbolak, mendi eta errekak falta diran zelaietan,
non etorrita eseritzean ombutzar honen zainetan
edo igota hosto tartean bere adar bikainetan,
ene, amatxo!, nik nola esan zenbat gozatutzen detan!
Txabol ondoko ombu laztana, maitatzen zaitut gogotik,
eta bihotza erdibitzen zait joatean zure ondotik
nere burura ekartzen dezun oroimen gozoagatik.
Zure itxura ikusi nahi det, ez dizut eskatzen frutik,
ni hemen bizi naizen artean, arren, egon zaite zutik!
Nere lagunik maitatuena, ombu laztana, zu zera,
hargatik nator zure kolkora ni malkoak isurtzera,
iduriturik naramazula atariko intxaurpera...
Beti izango zaitut gogoan, bainan joan nahi det ostera
euskal lurreko arbolpe hartan nere hezurrak uztera.
Euskal lurreko arbolpe hartan nere hezurrak uztera
Hortxe ba pelikularen inguruko zertzelada txikia, hortxe ombuari kanta poetarena: hortxe deserriratuaren malenkonia. Eta hementxe azken-aurreko notiziya: boluntarioak behar dira Ombuaren itzala egitasmo zinematografikoak figurante gisa aritzeko. Noiz? Datozen astearte eta asteazkenean. Non? 23an, arratsaldeko 18.30etik gaueko 21.30ean Donibaneko Udaletxe zaharrean. Santiagoaren bezperan, berriz, goizeko 08:45etik eguerdira arte San Pedroko Arraunlari kalean, Aita Manuel zenaren etxe inguruan. Zeren truke egingo dugun? Herriak sortutako pelikula batean esku hartzea ez al da ohore nahikoa? Ekintza herrikoia da 'Ombuaren Itzala' non jende interesgarri frankok eskaini duen bere burua. Esaterako…Uma Manterolak, Olatz Beobidek, Sara Cozarrek, Joseba Usabiagak, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek eta Kandela Manterolak, Javier Bilbao (Gabe Ibañezekin lan egin zuen 'Automata'-n) argazki zuzendaria dela.
Figurante mordoa nahi dute eszenan azaltzea, 1898an kokaturiko eszenan. Beraz, janzkerari ere adi egon behar, garai hartako alkandorak, gonak, txapelak, arrantzale arropa, alpargatak suertatuko dira nahitaezkoak.
Itxaron, itxaron, Eszena? Zer eszena mota baina? Zer kontatuko ote du, zein izango figuranteen papera? Otañok Ameriketara joateko baporea hartu aurretik egin zioten azken agurra azalduko da eszena arras esanguratsuan.
Txirritak kantatu zion bertso hunkigarria:
Ilbeltzaren hogeita seia
San Polikarpo eguna,
hamaika jendek Antxo aldera
pausua eman deguna,
Amerikara dijualako
gure Pedro Mari ona,
zeiñek ez luke istimatuko
holako bizi-laguna?
Utzi dittuzu leku zabalak,
utzi dittuzu mendiyak,
utzi dittuzu Euskal Herriko
anai ta lagun haundiyak;
zuri begira umildu zaixkit
argi neuzkan begiyak;
eta bide motxian
korritzen duten zubiyak,
berriz´e gerta egin litteke
alkartutzia gu biyak.
Brankatik bertatik erantzun zion Zizurkilgoak, Auspoa bilduman altxor gordeta den 'Amerikara nua' bezalako bertso batzuekin.
Hizketan ari dira aspaldiko lerro horietan barkua hartuko duen semea eta gurean geratuko den aita:
Semeak:
Amerikara nua nere borondatez, emen baño obeto bizitzeko ustez; aspertuxia nago emengo izatez, adios, aita eta ama, ondo bizi bitez,
Aitak:
Lenago're seme bat badut Amerikan, amar bat urte dira joan zala emendikan, Topatzen baduk iñoiz aren aztarnikan, esaiok aita bizi dala oraindikan.
Semeak:
Kafia aartuko dut egunian bi aldiz, bai pasiatu ere nai aña zaldiz. Punta erre eta osasuna berriz….. Aita, ori bizimodua Donostian balitz!
Kaian zen jende, jende mordoa, arras liluraturik, txalo zaparradaz hartu zituen Txirritak eta Otañok elkarri botatakoak. Hori izan zen hori despedida Argentinarako baporea hartu aurretikoa. Jende mordoa kaian, tristura alai batean.
Ba hori filmatuko dute datorren astean, adin guztietako zuek tarteko nahi izatera.
Eta parte hartu nahi izanez gero, izena, non emango? [email protected] postan edo 747426205 telefonoan.
Amerikara nua, Ombuaren itzalean deskantsatzera, etorri agur esatera, Pasaian.
Publicidad
Elene Arandia | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro (gráficos)
Óscar Bellot | Madrid y Guillermo Villar
José A. González y Leticia Aróstegui (gráficos)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.