
Secciones
Servicios
Destacamos
Gau Beltza iritsi baino egun batzuk lehenago hasi da Fantasiazko eta Beldurrezko Astea Donostiakoa. Pentsatu, pentsatuko duzue, agian, pelikulak eta pelikulak eta pelikulak, (izuzkoak, jakina) baino besterik ez dela bertan. Pelikulak eta jende braboa auskalo zertaz mozorroturik. Pelikulak, elastiko txit ikusgarriak janzten dituen jendaia majoa eta Japoniako animez elikatzen diren nerabeak, besterik ez.
Oker zaudete. Tronpaturik. Erraturik. Pelikulak badira, hamaika baino gehiago. Beldurra pasatzen gozatzen duen izaki saldoa bilduko da Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta Tabakaleran. Kreatura makina bat juntatu San Jeronimo kaleko Kriptan (bai leku egokia!) eta Okendo Kultur Exean bertan baitaude bi erakusketa galdu ezinezko. Bata munstroen ikonografiaren gainekoa. Bestea, Dragoi Bola omentzen duena. Ez ahaztu, Badira 35 urte Songokuk euskaraz ikasi zuela…
Ez pentsa ordea Beldurrezko Astea arrimatzen direnak letragabeko jendilajea denik. Hizkuntzak badakizkigu. Irakurtzen badakigu ere. Are, liburu pottoloak ditugu gogoko. Eta horietakoak, lau daude Fantasiak okupaturiko egunotan, lauak markaz fuerakoak.
Lehenik eta behin, oraindik ez euskerazko ez gaztelaniazko itzulpenik ez duen Heidi Honecuttek idatziriko 'I Spit on You Celluloid' (450 orrialde). Saiakera ikaragarria, Zinema jaio zenetik emakumezkoek egindako terrorezko filmak estudiatzen, komentatzen, gureganatzen ditu. Ez bakarrik ezagunenak, Kathryn Bigelowek, Mary Lambertek, Julia Ducornauk, Coraline Fargeatek, Carlota Pereak buruturikoak baizik eta Denborak ahazturik, Entziklopediek ezagutzen ez dituztenenak baizik. Eta ez soil-soilik Lehen Munduko herrialdeetan jardun zuten neskenenak. Alderantziz, Brasileen, Laosen edo Jamaikan aritu ziren horiekin jartzen gaitu kontaktuan. Eta guk, poz harritu batean jaso.
Gustuko du Astearen nazioarteko epaimahaikidea den Heidik zeluloidezko azpimundura jaistea. Ez ditu bakar-bakarrik Hollywood, Cinecitta edo Londreseko Pinewood zein Berlingo Babelsberg estudioak bisitatzen baizik eta lurpeko underground klandestinoak propio dituen parajeetan gozo, aise, airos ibiltzen ere, han, goiko, eguzkitako mundua kontran bazuten ere jarduten baitzuten neskek, beldurrarekin dantzan…
I Spit on Your Celluloid ez da Astearen liburukote bakarra. Bada gaur bertan aurkeztu den Jonathan Allenek eta Jesus Palaciosek idatziriko 'Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico' (285 orrialde). Aztertzen da bertan Metamorfosiaren autoreak zinemarekin izan zuen harremana. Gustukoa zuen. Jesusen eta Jonathanen izkribuan, mugimendua hartzen zuten irudien magiak harrapaturik somatzen dugu Josep K eta antzeko parabola ikaragarrien sortzailea. Estudiatzen dute egileek zinemak nola egin dituen bere Kafkaren lanak. Ez ahaztu Orson Welles, Soderbergh, Michael Haneke sortzaile handiek bere nobela eta kontakizunak inspirazio, abiapuntu, aitzakia, xede hartu izan dituztenik.
Liburu-dendetan dagoeneko salgai, Astearen atarian aurkezturiko Juan Dopicoren 'Dentro del Hoyo' ( 250 orrialde). Luxuzko edizio horrek Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo filmaz jakin nahi genuen guztia azaltzen da, argazkien, marrazkien, planoen, elkarrizketen, zinemaren, bizitzaren espantuaren, teknologiaren inguruko hausnarketen bitartez. Badira inkluso sukaldatzen nahiko ezinezkoak diren errezetak. Etsenplurik? Panna cotta sintetikoarena edo saguzarraren zopa krematsuarena, baratxurizko ukitu mina duena….
Haolloween Gaua baino ordu batzuk lehenago (eguerdi aldera) Paul Urkijok eta konpainiak Ekar liburu-dendan aurkeztuko dute beste arte liburu bat. Bere 215 orrialdeetan, Euskal Herriko zinemaren beste film paregabea, Irati, hots, tinta usain hordigarri gozoa darion paperean eta paperaz kontatzen digute. Honetan ere, zaletuen kuttunetan kuttunetakoena den pelikulaz jakin nahi genuen guztia agertzen zaigu. Ba al zenekiten, esaterako, Itziar Ituñok gorpuzten duen Mari jainkosaren soinekoa sortu ahal izateko 1.000 metro artile gorriz tindatu zirenik? Ba al dakizue nola sortzen diren ekaitzak zineman? Nola bihurtu ziren ahatearen Edurne Azkarate aktorearen oinak? Ba hori guztia eta gehiago agertzen da Irati Art Book-en. Baita nola sortu zituzten filmean mintzatzen diren mintzoak.
Ikusten? Antzoki Zaharrean eta San Jeronimo kaleko kriptan bildutako izakiok, Frankenstein doktoreak sortutako kreaturak nola, badakigu irakurtzen eta kapaz gara aste baten 1.240 orrialde leitzen. Plazer biziz leitzen ere.
Publicidad
Ivia Ugalde, Josemi Benítez e Isabel Toledo
Elene Arandia | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro (gráficos)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.