

Secciones
Servicios
Destacamos
Motorrak biziki, sutsu eta erremediorik gabe maite ditugunok osaturiko bilkuretan (birtualetan bezala fisikoetan ere) eskutik-eskura dabil bideo bat, auskalo zein arte ilunekin lortua. Bertan, etortzear den urtean estreinatuko den 'Mission: impossible' zeluloidezko abenturetako zazpigarren atalean Tom Cruisek (Tomek berak eta ez kamera aurreko bere ordezkari trebeak) buruturiko balentria ikaragarria ikusten da.
Motor baten gainean. Motor hegalari baten gainean. Bai, Harry Potterren lagun eta babeslea zen Rubeus Hagridek hain modu onez gidaturiko 'Nimbus' horren antzeko batean. Modernoagoa, hori bai, Arinagoa, hori ere. Beste estilokoa. Sidekarrik gabekoa. 'Ezinezko misio' zazpigarrenean Tom Cruisek maneiatzen duen motorra osoki beltzez margoturiko Honda CRF250 R (2019koa) da.
Noruega aldera jo zuten eszena ezin berdinezkoa filmatu ahal izateko. Noruegan eman zituzten 2020ko hainbat eta hainbat eta hainbat hilabete prestaketa guztietan. Bai filmaketaren saioetan, bai paraxut-jauzietan, bai oinarri-saltoetan, bai motocrossean.
Noruegan, baina non zehatzago? Hellesylt herrian, Sunnylvs izeneko fiordoren inguruetan.
Bertan eraiki zuten sinesgaitzak suertatuko zaizkizuen neurrietako arrapala sekulako. Bertan egin zuten hamaika, ziento, mila proba eta saio. Bertan, Noruegan, labar gainean eragin zion Tomek azeleragailuari.
Topera, 'a full', dena emanda. Eta salto egin zuen. Labarretik, motor gainean, behe-behean zen belartzan lurra hartu nahian. Eta zabaldu ziren jausgailuak. Biak. Tomena eta motorrarena. Eta motorraren eskulekuan zein Tomen babes-jantzian ziren kamerek ederki asko jaso zuten jauzia. Eta bideoa sare sozial guztietan aurkituko duzue erraz asko.
Bideo horietan ( bai ofizialetan bai piratetan ere) behin eta berriro aldarrikatzen da eszena horrek parekorik ez duela Zineman.
Zineman baliteke berdingabea izatea, ez dago dudarik. Mundu fisikoago batean, aldiz, antzeko balentria izan da. Behin batez, sikiera. Beste Tom batek burutua, hain zuzen ere. Ez Noruegan baizik eta Alpeetan den Avoriaz herrian, non beldurrezko zinemaldi loriatsua gertatzen den.
Cruise ez den Tom horrek Pages du abizena eta Nanteseko da. Motocross librean eskura daitezkeen domina, garaikur eta izendapen guztiak bereganatu ditu. Gorputzean ditugun hezur guztiak (baita ez ditugunak ere) hautsi egin ditu. Baina bizirik dirau. Eta motor gainean, beti.
Esfortzu handiegirik gabe bilatuko duzue YouTuben kontatzera noakizuen garaipen horren testigantza (FMX Rider Sends it On it A Cliff in Avoriaz…).
Lorpena. Garaipena. Eromen delizios. Cruiserena gertatu arte bizitzan zein pantailetan igualik ez zuena.
Ikusi zuen behin Thomas Pagesek motorrik gabeko oinarri jauzia delakorik egiten zuen kirolari prestu bat. Eta pentsatzen hasi. Zer pasako motorraren gainean saiatuko bagina? Ez nolanahiko motor batekin, jakina, Yamaha YZ250 batean baizik.
2021 ko irailean izan zen. Muturreko kirolak babesten dituen Red Bullen bultzaz. Beldurrik gabeko eta ausardiaz bete zen jendea andanaren laguntzaz eta sostenguz. Ezinezkoa ematen zuen misioak, jakina. Baina Tom Pagesek burutu zuen.
Topera eragin zion berak ere azeleragailuari arrapalan zehar zihoala. Labarraren eta arrapalaren muturrera iristerakoan, gorantz egiten zuten motorrak eta berak. Hutsaren gainean. Behe behean… belartza.
Ireki ziren paraxutak. Biak. Baina motorraren beraren bultzak moztu egin zituen sokak eta lurraren kontra mila zatitan puskatu. Aiseago, erosoago, adrenalinaz ase, lurreratu zen Pages. Zoriontsu. Garaile. Ez zekien berak momentu kasik berean Tom Cruise jauzi bera ari zenik sortzen. Biak dira ikusgai zuen poltsikoko gailuetan.
Bide batez, Tom Pagesentzako arrapala ikusgarria eta ezinbesteko izan zen azpiegitura osoa gauzatu zituztenak Gipuzkoan egoitza, kanpamentu nagusia, biltegia eta asmakizunetarako esparrua dituen Fly Actions enpresako pilotuak, gidariak, arotzak eta abarrekoak izan ziren.
Bigarren 'bide batez', 2023ko urtarrilaren 7an Fly Actionsek Donostian antolatuko du izugarrizko ikuskizuna. Motorrena.. Scooterrena. Bizikletena. Illunben. Ez Pages ez Cruise ez daude programan. Bai ordea Errenteriako Alex Gonga edo Julien Vanstippen belgikarra, lehiakiderik ezagutzen ez duen Freestyleko pilotoa.
Datorren urtean jauzietan zein kaminoetan edo olatuen gainean elkar ikusiko dugulakoan, eragiozue bizkor azeleragailua etorkizunerantz.
Publicidad
Jesús Falcón | San Sebastián y Javier Bienzobas (Gráficos) | San Sebastián
Mikel Calvo e Izania Ollo (Gráficos) | San Sebastián
Mateo Balín y Sara I. Belled (gráficos)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.