Borrar
Pello Gutierrezek memoria pertsonaleko ariketa egin du 'Erreplika' dokumentalean. F. de la Hera
Pello Gutierrez: «Zinema aretoetara dokumental gutxi iristen dira, zailtasun handiak daude»
'Erreplika'

Pello Gutierrez: «Zinema aretoetara dokumental gutxi iristen dira, zailtasun handiak daude»

Pello Gutierrezek zuzendutako eta Zazpi T'erdik ekoitzitako 'Erreplika' filma maiatzaren 9an estreinatuko da

Itziar Altuna

Donostia

Domingo, 27 de abril 2025, 12:09

Familiako WhatsApp taldean komentatzeko anekdotak izan zitezkeenak pelikula batean bilakatu zituen Pello Gutierrezek (Donostia, 1979). 'Erreplika' film luze dokumentala «gure bizitzan zehar etortzen zaizkigun hutsune desberdinei buruzko filma da», dio, bere kasuan «aitaren heriotzak utzitako hutsune hori betetzeko ahalegina». Donostiako Zinemaldian estreinatu zen lana eta hainbat zinema jaialditatik igaro ondoren, maiatzaren 9an iritsiko da zinema aretoetara Zazpi T'erdik ekoitzitako eta Atera Films-ek banatutako filma. Ez da bide erraza izan eta hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte; «banatzaile askok esan digute ez dutela dokumentalekin lan egiten», kexu da Gutierrez.

Euskal Herriko hiriburuetan eta Madril eta Bartzelonako zinema aretoetan proiektatuko da Pello Gutierrezekin eta bere familiarekin harreman zuzena duten istorio desberdinek osatzen duten kontakizuna. «Hasiera batetan ez zen dokumental bat izan behar, berez, ez zen ezer», onartzen du. «Istorio desberdin asko topatu nituen nire inguruan kasualitatez. Alde batetik, aita hil ondoren berak egindako pelikula bat aurkitu nuen, ordura arte nik ezagutzen ez nuena, 'Zikuñagako Ama' izena zeraman traineruari buruzkoa. Filma horri zati bat falta zitzaion, hutsune bat zuen. Bestalde, garai hartan Zikuñagako amabirjinaren desagerpenari buruz ikertzen hasi nintzen, auzoan berreskuratzeko eta ermita berreraikitzeko egiten ari ziren lana». Jatorrizkoa laurogeigarren hamarkadan eraitsi zuten Zikuñaga paper fabrika hedatzeko, eta enpresa honen sortzaileen artean izan zen Pelloren amaren aitona.

Istorio hauen atzean pelikula bat egon zitekeela ikusi zuten Zazpi T'erdi ekoiztetxean, «anekdotaz haratago hutsuneei buruz hitz egiteko, eta nola erabiltzen ditugun irudiak memoria egiteko», azpimarratzen dute. Ildo horretan, Gutierrezek azpimarratu bezala «gure bizitzan zehar hutsuneak etortzen zaizkigu, bai fisikoak, gauza bat desagertzen denean; edo emozionalak, eta ere kolektiboak izan daitezke, Zikuñagako amabirjinaren kasuan bezala». Bakoitzak hutsune horiek betetzeko modua aurkitu behar duela iritzi du. «Pelikula bera egitea nire hutsune pertsonal bat betetzeko modua izan da». Horregatik sinatzen du zinemagile donostiarrak 'Erreplika', nahiz eta Zazpi T'erdiko ekoizpen guztietan bezala, David Aguilar eta Iñaki Sagastume izan ditu alboan. «Gure egiteko modua oso kolektiboa da, erabakiak denon artean hartzen ditugu», gogoratzen du eta adibide da hiruen artean sinatzea gidoia.

Bere ahotsak filma gidatzea, kameraren eta mikrofonoaren aurrean jartzea, «gogorra» egin zitzaion hasieran, «baina argi genuen denok horrela kontatu behar genuela». Off ahots horren idazketan, testuaren gainbegiraketan, Ixiar Rozas izan dute laguntzaile eta grabazioan Ainara Gurrutxagak eman du «kanpo begirada hori».

Gutierrezen ahotsari beste protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena, iraganeko gertaerak gogoratuz, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz. «Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimena arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du».

«Hausnarketa sakonagoak»

'Erreplika'-k Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, mundu mailan izan zuen estreinaldian, Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen. Ostean Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 66. edizioan ere parte hartu du, Beautiful Docs - Munduko Dokumentalen Panorama sailean; Tesalonikako (Grezia) Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren 27. edizioan, Film Foward Competition sailean ere izan da, baita Nanteseko Zinemaldi Espainiarraren 34. edizioan, Euskal Leihoa kategoriaren barruan. «Pelikula txiki eta pertsonala izanda, gure estrategiak erakutsi digu txikitik handira egin daitezkeela gauzak», dio zuzendari donostiarrak. «Gainera, filmak badu interes lokal horretatik haratago beste zerbait, hausnarketa sakonagoak planteatzen ditu».

Maiatzaren 9an estreinatuko da euskarazko filma hau, baina bidea ez da erraza izan, «zinema aretoetara dokumental gutxi iristen dira, zailtasun handiak daude», azaltzen du Gutierrezek. «Duela urte batzuk dokumentalen aro berri bat aipatzen hasi ziren batzuk, baino hori ez da islatzen zinema aretoetan, agian telebistara iristea errazagoa da». Hala ere, hainbat herritan ikusteko aukera izango dela uste du, «eskaera asko» jaso baitituzte.

Dokumentalak zinema aretoetara gehienetan iristen ez badira ere, hau da Zazpi T'erdin gehien lantzen duten generoa, fikziotik gehiegi desberdintzen ez dena bere aburuz, «dokumentalak egitean errealitatea berrerakusten duzu kameraren bidez, eta errepresentazio bat ere badago, fikzioan bezala». Gainera, ikus-entzunezkoa «asko homogeneizatzen» ari dela uste du, «kontatzeko modu berriak eta ikuspuntu desberdinak gero eta urriagoak dira», eta horrek «pena» ematen dio. Azken urteetan onartutako zerga-pizgarriek ere «industria konkretu eta handi bat» erakartzen dutela uste du, eta «azkenean, sortzaile txikiak eta dokumentalak egiten ditugunok, agian pixka bat baztertuak egon daitezke».

Eltzegorra, jotzea debekatuta zegoen soinu instrumentua

'Erreplika' dokumentalaren promozioa alde batetara utzi gabe, hurrengo proiektuan lanean hasiak dira Zazpi T'erdin, eltzegorra ardatz izango duen dokumentala. «Garapen fasean» daude, eta 2026an filmatzea espero dute. «XVIII. mendean debekatua zegoen instrumentu hau jotzea, eta dokumentatua dago Idiazabalgo bi biztanle herbesteratu zituztela horregatik».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pello Gutierrez: «Zinema aretoetara dokumental gutxi iristen dira, zailtasun handiak daude»