Borrar
Maialen Berasategi itzultzailea agerraldiaren aurretik. F. De la Hera
J. Sheridan Le Fanu | 'Carmilla'

Banpiroak ez zirelako 'Dracula'-rekin hasi, 'Carmilla' itzuli dute

Maialen Berasategik J. Sheridan Le Fanuren eleberri ezagunena euskaratu du Literatura Unibertsala bildumarako

Jon Agirre

Donostia

Martes, 3 de junio 2025, 14:35

Literatura gotikoa eta, bereziki, banpiroak aipatuz gero Bram Stokerren 'Dracula' aipatu ohi da, baina ez da «erreferentziazko» lan bakarra, ezta gaia jorratzen zuen lehena erez. Hala aldarrikatu dute astearte honetan J. Sheridan Le Fanu (Dublin, 1814 – Dublin, 1875) idazlearen 'Carmilla' liburuaren itzulpenaren aurkezpenean. «Banpiroei buruzko literaturaren aitzindaria da», iritzi du Inazio Mujika Erein eta Igela argitaletxeetako ordezkariak. Izan ere, Stokerrek idatzi baino 25 urte lehenago plazaratu zuen. Maialen Berasategi Catalánek euskaratu du eta Erein eta Igelak kaleratu dute Literatura Unibertsala bildumaren baitan.

Estiriako (Austriako hego-ekialdea) baso sakon baten erdian kokatua dagoen gaztelu bakartia da nobelaren paisaia eta bertan «bizimodu patxadatsua» daraman Laura du protagonista. «Agian patxadatsuegia beretzat, hasieran esaten du bizimodu bakartiagoa zeramala, inbidia puntu batekin hirian bizi dutenenekiko. Baina oso kontu izan behar da zer hautatu eta desiratzen den». Izan ere, egun batean «patxada kolpean» amaitzen da. Inguruko eskualdean nekazari jende artean segidan zenbait ama-alaba hiltzen dira ustezko izurri misteriotsu baten kausaz eta handik ihesean doan Carmilla misteriotsua helduko da. Gurdi istripua izanda zauritu eta amak han uzten du senda dadin. «Bi gazteen arteko harremana sakondu ahala, Laurak bere osasunaren gainbehera eta gertakari ilun eta kezkagarriak nabarituko ditu», aurreratzen du sinopsik.

'Carmilla'

'Carmilla'
  • Egilea: J. Sheridan Le Fanu.

  • Itzultzailea: Maialen Berasategi Catalán.

  • Argitaletxea: Erein eta Igela. Bilduma: Literatura Unibertsala, 191.

  • Orrialdeak: 152.

  • Prezioa: 17,5 euro.

Giro gotiko hori sortzerakoan eragina izan zuten bizitzan zehar ezagutu zituen lurraldeek. Erein eta Igela argitaletxeetako ordezkariak azaldu bezala, aita irlandar elizako apaiza zuen, «protestante tradiziokoa», eta hainbat herri txikitan izan zen, Berasategik azaldu bezala. Itzultzaileak duela 15 bat urte izan zuen liburuaren berri, Erasmusen zela literatura gotikoa «ikasgai friki eta zoragarria» aukeratu zuenean. Lan «klasikoa» dela defendatu badu ere, iritzi du «oso literatoak ez direnek» ez dutela ezagutzen. Berasategik xehatu duenez «oso goiz hasi zen nabarmentzen» naturaz gaidniko kontakizunetan eta maiz laudatu izan zaio «hain garrantzitsuak diren giro ilun eta anbiguoak sortzeko gaitasuna», baina bizi izan zenean ere ez zuen hil ostean lortutako nazioarteko arrakasta lortu.

Le Fanuren familia ez zen aberatsa, baina bazuen baliabiderik, eta horregatik bidali ahal izan zuten Trinity College-ko Historical Society famatura, gerora besteak beste Oscar Wilde, Samuel Beckett edo Sally Rooney idazleak izan direna ere. Aldiz, zuzenbide ikasketak amaitu eta berehala hasi zen literatur aldizkarietan kontakizunak idazten, gehienak gotikoak, terrorea edo izua eragiten zutenak, misteriozkoak. Aurkeztutako 'Carmilla', aldiz, hil baino urtebete lehenago kaleratu zen 'Ispilu ilun batean' deituriko bost kontakizuneko bilduman -horien artean ezagunena da 'Carmilla'-.

'Carmilla' vs 'Dracula'

Bi liburuen arteko alderaketa «ohikoa bezain saihetsezina» dela esan du Berasategik eta bera ez zela «gutxiago izango». Hala, bien aurretik ahozko tradizioan mitoak presentzia handia zuela oroitu du eta biek edan zutela hartatik. Konparazioan astearte honetan aurkeztutako liburuak «berezitasunak» dituela esan du. Batetik, banpiroaren «izaera», Carmilla «normala» baita, «itxuraz xaloa, ahula, gaixobera, ezin ederragoa eta emakumezkoa». Pertsonaia bera «anbiguoa» dela azaldu du Berasategik, «toles handikoa eta kontraesanez betea», hainbeste non tarteka irakurleari «zail egingo zaion zergatik jokatzen duen horrela ulertzea». Txanponaren beste aldean, Stokerren Dracula «tradizio zaharragoko banpiro-munstro-gizonezkoa» dela esan du, «toles gabekoa eta gaiztogin peto-petoa», hainbeste non irakurleak argi duen «hasiera-hasieratik hil behar dela».

Era berean, narratzaileak oso bestelakoak direla nabarmendu du eta «psikologiaren arloan ikuspegi berriak» sortzen dituela 'Carmilla'-k. Testuingurua oroituz, XIX. mendea, eta unean ematen ari ziren aldaketak zerrendatuz -berrikuntza zientifikoak, mundu zaharrari lekua hartzen ari zitzaion berria- justifikatu du lortu zuen arrakasta. «Jendea irrikatsu eta izukor zen, jakin-mina zuen baina beldurra ere bai», hain zuzen banpiroek sortzen duten sentipen bera.

Azkenik, emakumearen rolean aldaketaren eredu bezala aurkeztu denez liburua tarteka, Berasategik ifrentzua ere aurkeztu nahi izan du. Aurrez eredu klasikoa Victoriar «»hertsia» zela eta poliki-poliki irekitzen ari zela, esaterako bi pertsonaiak «desiratzaile eta subjektu aktibo» bezala islatuz. «Garai hartan irrika ezkutatu gabe erakusten zuten emakumeak ez ziren ondo ikusiak». Egungo begiekin aztertuta «oso apurtzailea» irudi dezake, eta onartu du itzultzaileak, baina bigarren teoria ere mahaigaineratu du. «Gogoan hartzekoa da ere ez zela hain ezohikoa istorio platoniko sasierromantiko modura azaltzea emakumeen arteko txorakeria bezala hartzen zirelako». Hau da, banpiroen arteko «perbertsioa» askapen bezala uler daitekeela, gizonek menperatutako sisteman «asaldagarria» zela, azken urteotan egindako egokitzapen askok modu baikorrean azpimarratu duten bezala, baina «anomalia» bezala sinbolizatzen zuela ere ezin dela baztertu. Alor horretan oroitu du «izurria» aipatzen duela eta «denok dakigu deuseztatu beharreko» zerbait dela.

191. alea

Erein eta Igela argitaletxeek kaleratutako lana, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearen (EIZIE) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, bildumako 191. alea da. Ildo horretan, Fernando Rey itzultzaile eta EIZIEko lehendakariak azaldu du «poza dela» literatura unibertsaleko lanak euskarara ekartzea. «Bilduma EIZIE eta itzultzaileentzat oso garrantzitsua da, mundu zabaleko literatura ona ekartzen dugulako euskarara eta euskarari». Gainera, halako ekarpenek «euskararen normalizazioan laguntzen» dutela iritzi du eta sistema literarioarentzat ere aberasgarria dela, «kalitatez» itzultzen delako eta itzultzaileentzako «eskola ezin hobea» delako. «Itzultzaileentzat baldintza onetan lan egiteko aukera da eta honi esker trebatzeko aukera dute».

Berasategiri buruz goratu du «gaztea izanagatik ibilbide luze eta aberatsekoa» itzultzailea dela, «oso trebatua» eta «problemei heltzeko eta soluzioa emateko». Itzultzaile bezala ekarri ditu nobelak, saiakera, poesia edota haur eta gazte literatura, Susa argitaletxearen MPK bildumako koordinatzaile da Isabel Etxeberriarekin batera eta 2023an Euskadi Saria eskuratu zuen Jose Mari Berasategirekin batera 'Paradisua' (Elkar) itzultzeagatik.

Argitaratu berri den liburua euskaratu den Le Fanuren bigarrena da, 90eko hamarkadan Ereinentzat Luigi Anselmik 'Maizter misteriotsua' itzuli baitzuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Banpiroak ez zirelako 'Dracula'-rekin hasi, 'Carmilla' itzuli dute

Banpiroak ez zirelako 'Dracula'-rekin hasi, 'Carmilla' itzuli dute