Borrar
Jose Mari López
Harkaitz Cano | 'Ulu egiteko bolondres bila'

«Ekintza poetikoaren funtsaz» hausnartzeko zerrendak baliatu ditu Canok

Jorge Oteizak 1959an eskultura egiteari utzi eta abian jarri zuen 'Klarion laborategia' ekarri du literaturara Harkaitz Cano 'Ulu egiteko bolondres bila' lanean

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 27 de noviembre 2023, 17:14

«Ekintza poetikoaren funtsaz hausnartzea» da, Harkaitz Cano egileak azaldu duenez, astelehen honetan aurkeztutako 'Ulu egiteko bolondres bila' (Susa) poesia-liburuaren «helburuetako bat, zergatia eta nolakotasuna». Lana ontzeko Jorge Oteiza artistak 1959an eskultura egiteari utzi eta «esperimentu eta ikerketekin» jarraitzeko 'Klarion laborategia' ekarri du literaturara. «Kartoi eta metal zati txikiak eta nagusiki klarionak konbinatuz artefaktu txiki zoragarriak sortu zituen», oroitu du, eta azken poesia-liburu honetan bere buruari «jostari eta sarerik gabe ibiltzeko» baimena eman dio Canok, poema gehienak edo behintzat asko «senetik, bulkadatik, kemenetik, irrikatik» idatziz.

Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak xehatu bezala liburua lau ataletan banatua dago eta bakoitza «aurkituko duguna aurreikusteko» lagungarria da: erretratuak, otoitzak, zerrendak eta erraz ezabatzeko materialez egindako laborategia. Lehenean denetarik topatuko du irakurleak «poematik poemara zoom-a gerturatu ala urrundu» egiten baita, idazle baten autorretratu saiakeratik lur hauetan bizi garenoi egindako erretratu kolektiboagora. Ofizioaz eta poesiaz hausnartzeko tartea da.

Bigarrenean, otoitzak aipatzen badira ere, Canok argi utzi du «paganoak» direla. «Ez izutu alde horretatik, nahiko sui generis dira, ikonoklastia bilatzen dutenak edo lirikoak». Hala, Mikel Laboaren edo KFC katearen «txoriari» buruzkoak edo epe luzeko asmo eta nahiak jaso ditu egileak. «Pentsa liteke otoitz izaera ematen zaiela poemei, baina agian alderantziz da eta poemetako bakoitzak ematen dio zentzua eta aldatzen du otoitz hitza», aurreratu du Ziluagak.

'Ulu egiteko bolondres bila'

'Ulu egiteko bolondres bila'
  • Egilea: Harkaitz Cano.

  • Argitaletxea: Susa.

  • Estiloa: Poesia.

  • Orrialde kopurua: 120.

  • Prezioa: 15 euro.

  • Azala: Nagore Amenabarro.

Zerrendei buruzkoan ere asko dira aipatzen direnak. Susako egilearen esanetan «gehikuntzaz» egindako poemak dira, hau da, bata bestearen atzearen jarrita sortutakoak. Canorentzat sortzeko modurik «maiteenetakoa» da, ikasleekin egindako tailerretan beti funtzionatzen duena. «Ba al dago poetikoa ez den zerrendarik? Egiten duzun unean jada hor zerbait ez dago, sintetikoa da, ia beti da poetikoa», itaundu du. Orri horietan, gainera, berezko duen «joera kleptomanoari aske utzi diot inolako konplexurik gabe», esaterako Umberto Ecoren 'El vértigo de las listas' laneko zati bat.

Azken zatian, Klarion laborategian, «poema denaren eta ez denaren arteko mugan» hausnartu du Canok. Testu laburrezko ideia segida batekin, «gehienez esaldi batekoak edo bikoak», Canok beretik sortutakoak eta besteei hartutako aipuak nahasi ditu. «Ez ahazteko hartutako oharraren eta aforismoaren arteko zerbait», esan du Ziluagak, hori bai, kokapen pentsatu batekin. «Ordenak eta testu barruko oihartzunek garrantzia dute».

Hala, etorkizunari begira metodologiari jarraipena ematea aurreikusten du egileak, «teknika estimulantea» egin baitzaio. «Nire denboraren zati bat azpimarratzen pasatzen dut eta orain iritsi da momentua azpimarratutako horrekin zerbait egiteko», bota du umorez.

Agerraldian Susako editoreak oroitu bezala asteazken honetan beteko da urtebete Canok azken poemarioa aurkeztu zuenetik, sonetoz osaturiko 'Pozaren erdia' eta hura «modu zorrotzean neurtua eta errimatua» zen bezala, astelehen honetakoak «zorroztasun horretatik kanpoko poemak» direla ñabartu du. «Gure ikuspuntutik ohikoagoak, edo agian ez, irakurlearen arabera». Izan ere, Canoren azken lana sailkatzen ez da hain erraza. Hala, «poemaz poema» zehazten zaio irakurleari zer den zerrenda, otoitza, erretratua edo laborategia eta, horren bitartez, «eratzen da han-hemenka poetika bat».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Ekintza poetikoaren funtsaz» hausnartzeko zerrendak baliatu ditu Canok

«Ekintza poetikoaren funtsaz» hausnartzeko zerrendak baliatu ditu Canok