Secciones
Servicios
Destacamos
Bidaia emozional sakona egingo du 'Maixabel' filmean murgiltzen denak. Lekukotasunaz haraindi, duela bi hamarkadako giroaren alderik bortitzena jarri digu ispilu aurrean, eta kartzelako lokutorio laiotzek, kale aldapatsuek zein eguraldiaren goibelak, indartu egiten dute sentipen itogarri hori. Jendearen iruditerian gertu dagoen historia kontatzeko ezinbestekoa da aktore-talde on bat izatea; hori da, hain zuzen, filmaren indarguneetako bat, Tosar-Portillo bikoaz beste. Bitxiki, filmeko eszena gorena ez da protagonisten arteko enkontrua bera, enkontru horren aurrekari den Maixabelen eta komandoko beste etakide baten artekoa baizik, bere barne prozesua ezin hobeto gorpuzten duen Urko Olazabal txundigarriaren eskutik. Isa Campo eta Iciar Bollainek, biderik irristakorrenari heldu diote gidoian, eta ondo daramate lema, informazioa eman edo pedagogia egiteko txertatzen dituzten elkarrizketa batzuk gorabehera (Alfonso Sastrek 'parlatura' deitzen zion literatura ez den, baina literariotik baduen antzerki hizkerari, zineman neurri doia harrapatzea horren zaila den horri). Arrastoa uzten dute, bestalde, telefonoa hartu aurretik zer datorkion aurreikusten duen Maixabelen eszenak, ogia egiten duten presoenak, edota Juan Mari Jauregiren alabari (Maria Cerezuela) aitaren hilketaren albistea ematen dioten uneak.
Maixabel Lasak, hilketak dakarren izengabetzea salatzen du: norbaiten alargun bilakatzea beste ezer baino lehen. Nola aurre egin horri? Erantzunik ez duen galdera da, eta, hein horretan, aukera ona fikzioaren legamiak bere lana egin dezan. Dolua, barkamena, damua... Zigorraz eta erruduntasunaz harago, epaile batek biktimarioari sekula galdetuko ez lizkiokeenetan dago fikzioaren erronka: «Lorik egin zenuen gau hartan?»; «Harro zeunden?»; «Ospatu zenuten hilketa?». Itaun gordin horiei esker sartzen da ikuslea pelikulan, eta halaxe lortzen du fikzioak, ezarian-ezarian, ogia egiteko orea lantzen duenak bezala, norbere garun-mamietako iritziak eta oroitzapenak finkatu, aldatu edo ñabartzea.
Ez da gutxi.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.