Borrar
Lobo Altuna
Belatz Handiaren txitak harrobiaren hurbil

Belatz Handiaren txitak harrobiaren hurbil

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 18 de mayo 2025, 12:12

Nafarroan. Kasik-kasik Gipuzkoarekin pega pega eginda. Larraungo udalerrian, Lekunberritik ez oso urrun. Arruiztik iparraldera, Basaburuko Ateetatik Etxarriraino eratzen den ibar luze edo goi-lautadan Aldatz herria dago. Harri landuaz altxaturiko etxe nobleak. Agustindar moja-komentu neoromanikoa ere dago bertan (ez ahaztu Leon XIV agustindarra denik…). Larraungo armarrian haritz berde bat eta ibiliz doan otso beltza (haritzari gurutzaturik) agertzen dira, zilarrezko esparru batean.

Ez ahaztu, inolaz ere, Aralarren magalean bizi den haran ikusgarria dela Larraun. Pentsa ezazue hortik pasatzen dela 'Urmuga mugalerroa' izena duen Nafarroako bide berde horietako xendarik ikusgarrienetarikoa, Kantauri eta Mediterraneoko uren banalerroan egiten duen ibilaldia; Ordunateko mendietatik (Bizkaiako Enkarterrietan) Hiru Erregeen Mahairaino doana. Nafarroako zatian, Etzegaratetik Alzania, Lizarrusti, Aralar, Basaburuako mendiak, Belate, Ultzama, Erro, Aezkoa, Irati eta Ori-Belagoa tartean barrena doa eta Hiru Erregeen Mahaian bukatzen da.

Hemen gaude ba. Larraunen. Arrizuri izeneko gailurraren ez oso urruti. Ondoan, kasik. 844 metroko menditxo oihantsua da. Ederra. Errekak badira hortxe, Beruete herriarekin muga egiten duen aldetik…

Larraunen. Arrizuri izeneko gailurraren ez oso urruti. Ondoan, kasik. 844 metroko menditxo oihantsua da

Hemen gaude. Pagoz eta gaztainondoz inguraturik, 'Urdula' izeneko harkaitz sendora begira. Hemen gaude, denbora zaharretan abandonaturiko marmolezko harrobi baten paisaia estrainioan. Aro Kretazeoan osatu ziren marmol mesozoiko horiek; geroxeago, oso geroxeago,hasi zen gizakia erabiltzen.

Hemen gaude, askoz xumeagoa den beste harrobi legarrezko baten inguruetan. Egun, hantxe gordetzen dira, estalia den aterpe batean inguruko herrietako inauteri karrozak…

Baina gu ez gaude lurrera begira altuetara baizik, Urdulan deskubritu berri baita belatz handi baten habia. Haitzaren paretan. Harriaren arrail batean. Oreka sinesgaitzean dauden adar eta zuhaixka batzuek babestua.

Altuetara gara begira ikusi baititugu gurasoak babeslekutik aldentzen, hegazkada dotore batez. Bazihoazen janari bila. Txitak habitan utzita. Eta guk txita horien egoera jakin nahi genuen. Ondo al ziren? Normalean belatzek ez dute Urdula bezalako parajeetan habia egiten. Itsaslabarrak nahiago. Alta, ez da txarra ezta desegokia ere bikote honek aukeratutako txokoa. Ederki jotzen du eguzkiak paretan, harriaren pitzaduratik sartuz. Babestua da nahiko eta zaila, bastante zaila, izango luke presatzaile batek hurbiltzea. Arerio bakarra, kasik, eguraldiaren gorabehera handiak. Tenperatura jaitsi da asko azken egunetan eta gogor jo du euriak… Txikiak dira oraindik txitak eta hotzak hilko lituzke erraz.

Altuetara so gaude. Aldendu dira gurasoak habitik. Hain dira azkarrak beren hegadetan ezen litekeena den, dagoneko Aralarko Malloetan izatea, karraskari edo hegazti txikiak ehiztatuz. Handiagoa bada ehizakia, habira eramateko ezinezkoa, bularra irekiko diote atzaparrekin eta bihotza jango. Txitekin biltzen direnean, ahora ekarrik dute berriro jangauza deliziosa eta kumeei eman.

Baginen altuetara so. Ezer ez zen mugitzen harri handian. Beldur ginen bizirik irautea zail samarra delako bizitzaren hastapeneko tarte horretan. Ezer ez zen mugitzen. Teleobjektiboz eta prismatikoez lumatxazko bola zuri handi baino ez genuen antzematen. Mugitzen ez zena. Eta gu beldur. Baina hilik baziren belatz txikitxoak, zergatik ziren ehizara joanak gurasoak?

Izan ere, gurasoak hor ez zirenez, are arriskutsuagoak gerta gintezke. Begi beltza guri so altueretatik, harrizko urruntasunetik

Jarraitu genuen zelatan. Pasa ziren minutuak. Minutu pila. Hurbilean, harrobiaren zirkuan azeri bat zen jolasean. Derrepentean kamerak begi beltz bat deskubritu zuen. Paretako zulo ilunean. Lumatxazko bola zuri hartan dir-dir. Atezuan. Guri begira. Ziurtatzeko edo izaki arriskutsuak ez ginela. Izan ere, gurasoak hor ez zirenez, are arriskutsuagoak gerta gintezke. Begi beltza guri so altueretatik, harrizko urruntasunetik…

Boteprontoan beste puntu beltza agertu zen lumazko koltxoi horretan. Guri begira ere. Ez da harritzekoa tenisean epaileei erabaki zuzenak hartzen laguntzen dien sistemak 'Belatzaren begia' izenaz ezaguna izatea. Hain txikiak izanik ere, txita horiek ederki asko ikusten gintuzten, radiografiatzen ere

Minutu eta minutuak gu beren jomugan izan eta gero , lasai geratu bide ziren eta lotara bueltatu. Handik gutxira garrasi izugarria entzun genuen. Aldamenetako basotik zetorren. Ez zen mehatxuzkoa deia baizik. Belatz handi biek bazetozela adierazten zieten beren txitei, jateko gozoa ekartzen zutela abisatuz.

Alde egin genuen guk ez baikinen afarira gonbidatuak. Harrobian ginen. Larraunen. Aldatzen. Urdulan. Habia egin dute bertan belatzek. Bizirik dira txitak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Belatz Handiaren txitak harrobiaren hurbil