Bihar urtebete -otsailaren 24an-, larri esnatu ginela, berririk gaiztoenaren eztandaz: Ukrainan sartua zela Errusia, gerra hasia zela. Denbora behar izan genuen sinesten hasteko, eta are ... denbora gehiago ondorenaz eta ondorioez konturatzen hasteko. Egun berean, arratsaldean, Madrilgo telebista-kate batean, Kieveko emakume batekin ari ziren hizketan zuzenean, Madrilgo estudiotik. Nabarmena zen emakumearen ezina. Ea zer egiteko asmoa zuen galdetu zioten Madrildik. Alarmak jo zain zegoela, emakumeak. Eta alarmak jotzean zer?, galdera kazetariak. Aparkaleku publiko batean babesteko agindua zutela, erantzun emakumeak. Nabarmena zen kazetariaren urduritasuna.
Publicidad
Telebista-estudioan bazen gerra-kontuetan aditu den bat ere. Elkarri begiratzen zioten kazetariak eta adituak, emakumeari taxuzko ezer esateko gauza ez eta. Azkenean, gerra-kontuetan aditua denak aholku bat eman zion emakumeari: mesedez, aparkalekura jaistean, zutabe baten gerizpean babesteko. Sabaia erortzen bazen ere, zutabearen gerizpean egongo zela seguruen. Zutabeak eutsiko ziola sabai-puskaren bati… Ez dut gogoan nola bukatu zen konexioa.
Geroztik, banan-banan kontatu ditugu gerra-egunak: bat, bi, hiru, lau…, ia kontua galdu dugun arte. Egunero ahalegindu gara begiak ez ixten telebistako irudi eta egunkarietako argazkien aurrean. Gure umeen aurpegia ikusi ohi dugu irudietako ume bakoitzaren aurpegian. Zein zaharkituak geratu diren iazko otsailaren 25a baino lehenagoko egunkariak!
Egunero jaiki ohi gara okerrenaren beldur. Baina apenas inor ausartzen den okerren horri izena jartzen. Eta ahoa zabaltzen duen zenbaitek, hobe beharrez, arnasbidea ito besterik ez digu egiten: okerrena etortzeko omen dago oraindik.
Publicidad
Bitartean, ez dakigu zer egin zuen iazko emakume hark. Ez dakigu alarmak jo zuen. Ez dakigu zutabe baten gerizpean babestu zen. Gaur, zutik daudela sinetsi nahiko genuke, zutik bai emakumea eta bai zutabea. Baina beldur gara. Nik, berriz, nolabait itxuratu nahi nuke zutabe hau. Baina zer gehiago esan? Zer gehiago salatu? Esanak daude esan beharrekoak. Salatuak daude salatu beharrekoak. Laguntzeko ordua da. Gerra-kontuetan aditua banitz, aholkuak emango nituzke, irakurleak aukera dezan nola jokatu. Eta benetako zutabegilea banintz, ez nuke paperezko zutabe koxkor hau egingo. Harrizko zutabe sendoak eraikiko nituzke, zer gerta ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
El Diario Montañés
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.