

Secciones
Servicios
Destacamos
Ehunka urte dituen tradizioarekin duten konpromisoa berretsiz, amaitzear den Aste Santu honetan ere ospakizunen erreferente bihurtu dituzte segurarrek euren prozesioak, eguraldi kaskarraren eraginez ostiralekoak elizaren babesa bilatu behar izan bazuen ere. Boluntarioen eskuzabaltasunean oinarritzen diren egitasmo askoren etorkizuna ilunduz doan garaiotan, Seguran tradizioa osasuntsu dagoela dirudi. Herriak dituen 1.500 biztanletik 300 inguru mobilizatzen dira urtero askok segurartasunaren adierazletzat duen ohitura hau gorpuzteko; eta esanguratsua da horietako asko gazteak izatea. Esanahi erlijiosoetatik harago, zaindu beharreko altxortzat jotzen dituzte euren prozesioak, euren sustraiak harrotasunez aldarrikatzeko modua. Eta urtetik urtera ez diete hutsik egiten.
Zubietako ateak ireki ditu asteon Realak –duela ez horrenbeste ohikoa zena aparteko bihurtu da azken urteetan– eta entrenamendua amaituta, minutuak eman zituzten futbolariek jarraitzaileekin, argazkiak atera eta autografoak sinatuz. Pozik bueltatuko ziren txuri-urdin txiki asko etxera. Alabaina, batzuetan keinu xumeagoak ere nahikoa izaten direla horretarako, eta ez da komeni ahaztea: harmailetatik deika ari direnei irribarre edo agur keinu bat eskaintzea, esaterako. Garaipenek futbol zelaia betetzea errazten dute, bai, baina zaleen atxikimendua bestelakoekin ere elikatu behar da, are gehiago etorkizuneko belaunaldiena, beraiek bermatuko baitute bolada txarretan ere zelaian hutsuneak ez nagusitzea.
Norbere herriarekiko atxikimendua distantziarekin areagotu egiten omen da, bereziki bidaia gogoz kontra edo baldintza gogorrek bultzatuta egin bada. Zumarragako Booboo elkartea osatzen duten senegaldarrak horren adibide dira. Bizimodua aurrera ateratzeko lanean diharduten bitartean, haien lurraldean geratu zirenen baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzen dute, Zumarragako Udalaren laguntza baliatuta. Hainbat proiektu gauzatu dituzte jada Senegalen eta orain emakumeen ahalduntze ekonomikoa jarri dute miran, tokiko produktuak sustatuz eta neskak eskolaratzeak duen garrantziaz familiak sentsibilizatuz. Etxekoekin duten konpromisoa ez dute ahaztu.
Aste honetan jakin dugunez, EAEko medikuek aparteko %48 ordu gehiago egin zituzten iaz Osakidetzako itxaron-zerrendak murrizteko. Besteak beste, hainbat familia mediku beste osasun-zentroetara joaten dira ohiko lanalditik kanpo kontsulta eskaintzera, bertan nahikoa sendagile ez dagoelako. Arreta hobetze aldera Osasun Sailak har dezakeen neurri oro gustura hartuko dugu pazienteok; zerbitzuak dituen gabeziak dagoeneko lanez lepo dauden sendagileen lanaldia luzatuz estaltzea ez dirudi, ordea, soluziorik eraginkorrena. Ezin medikuen konpromisoan jarri konponbidearen zama.
Samar Abu Eluf palestinarraren irudi bat izendatu dute urteko argazkirik onena World Press Photo lehiaketan. Mahmoud, Gazako bederatzi urteko mutikoa, da irudiaren protagonista, Israelgo armadaren erasoek besorik gabe utzi dutena. Qatarren atera zion argazkia, hara eraman baitzuten gerratik ihesi. Gazatik kanpo dauden palestinar zaurituen zailtasunak nabarmendu nahi izan ditu argazkilariak irudi honen bidez, bereziki haurrenak. Eta, bide batez, gerren giza kostua ezagutzera emateko kazetaritzak duen konpromisoa agerian utzi du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.