Juan Chillida, Juan Kruz Igerabide, Ainhoa Goenaga, Koldobika Jauregi, Aitor Irulegi, Maria Giró eta Julia Leigh.
Alkiza

Slow Art, artea lasaitasunez ezagutzeko eguna

Alkizako Ur maran urteak daramatzate nazioarte mailan antolatzen den egunarekin bat egiten, betiere artista gutxi batzuen presentziarekin

AGURTZANE NÚÑEZ

alkizA.

Domingo, 10 de abril 2022, 00:11

Gero eta gehiago kontsumitu beharrean, gutxiago eta polikiago. Helburu horrekin sortu zen 'slow food' mugimendua Estatu Batuetan duela hamarkada batzuk, eta horretan oinarrituta sortu zen 'slow art' mugimendua. «Munduan 174 tokitan ospatzen da egun berean, museotan, ospitaletan, edozeinek antolatu dezake», azaldu zuen Koldobika Jauregi Ur marako sortzaileak Alkizan ospatu zuten Slow Art egunean.

Publicidad

Museo edo azoka erraldoietan ahalik eta artelan eta artista gehien ikustea bada helburua, Slow Art egunean kontrakoa da. «Arco bezalako azoken justu kontrakoa gara. Gutxiago ikustea baina gozatuz. Lauzpabost proposamen ekarri eta artista bakoitzak bere lana aurkeztea eta jendeak gero beraiekin hitz egin ahal izatea», adierazi zuen Jauregik. Ur maran urteak daramatzate eguna antolatzen, beti ere artista gutxi batzuen presentziarekin.

Aurten bost proposamen ezagutu ahal izan zituzten Alkizara gerturatu zirenek: Juan Chillidak 'Konstelazioak' izeneko lanak erakutsi zituen Aitor Irulegik 'Euria' izenekoa Ainhoa Goenagak 'Isilune' obra aurkeztu zuen; Maria Girók eta Júlia Leigh-ek 'Hatzen memoria' proiektua ezagutarazi zuten eta azkenik, Juan Kruz Igerabidek eta Koldobika Jauregik 'Aforismoak' aurkeztu zituzten.

Teknika desberdinak

Teknika zein material ezberdinekin egindako lanak ikusi ahal izan dira aurten Ur maran, eskulturan, margoan edota saskigintzan oinarritutakoak. Ainhoa Goenagak, adibidez, ontzi sendagarrien inguruan egindako lana aurkeztu zuen, zeramikaz egindako ontzi erraldoi bat, barruan sua piztuta zeramana. «'Isilune' deitu diot isiltasun unea edo isiltasun monumentua esan nahi duelako», azaldu zuen. Pieza lorez eta errautsez inguratuta zegoen eta bertaratuak loreak hartu eta basoan,bakoitzak nahi zuen lekuan, uztera gonbidatu zituen. «Hausnarketarako unea, edota topaleku izateko», adierazi zuen Goenagak.

Maria Giró 2021eko udan egon zen Ur maran lanean, eta aurten Julia Leigh lagunarekin beren jaioterriko saskigintzari buruz egindako proiektua aurkeztu zuten. Kataluniarrak dira biak, «Pirineotakoak, baina mendi baten alde banatan dauden herrietakoak. Duela gutxi arte ez ginen ezagutzen», gogoratu zuten. Beren eskualdean saskigintza ofizio garrantzitsua izan bazen ere, gaur egun guztiz galduta dago eta gutxi geratzen dira saskigintzan aritu zirenak. «Martxan dagoen ikerketa bat da gurea. Antzinako lan asko galdu dira, horien artean saskiak egiteko moduak», azpimarratu zuten. Saskiak egiteko joskintza modu ezberdinak aurkeztu zituzten, horien artean bi zuhaitzen artean sortu zuten adarrez eginiko 'oihala'.

Publicidad

Aforismo ilustratuak

Guztiz teknika ezberdina erabiliz, Aitor Irulegi alkizarrak txinatar tintarekin egindako lanak aurkeztu zituen. «Goitik beherako marrak dira, horregatik deitu diot 'Euria'. Mantsoen egin dudan lana da, goitik behera milimetrora marrak marraztuz», azaldu zuen. «Oso pazientzia gutxikoa naiz eta horregatik, pazientzia lantzeko modua izan zen», adierazi zuen Irulegik.

Espazioa islatzea izan zen Juan Chillidaren abiapuntua bere lanetarako. «Sateliteak, planetak eta elkarren arteko distantzia», zioen. Hasieran pinturarekin hasi bazen ere, «pixkanaka aldaketa naturala izan zen alanbrezko eskulturak egitea. Nik nahi nuena islatzeko modu hobea da», azaldu zuen. Ur maran bai margoak bai eskulturak aurkeztu zituen, bere lanaren alderdi ezberdinak erakusteko.

Publicidad

Azkenik, aforismoen inguruan egindako lana aurkeztu zuten Juan Kruz Igerabidek eta Koldobika Jauregik. «Aforismoak esaldi laburrak dira, antzina jakintza laburbiltzeko erabiltzen zirenak. Aforismoekin osatu nuen libururako Koldobikari marrazki batzuk eskatu nizkion, eta berak aforismo marraztuak egin zituen», adierazi zuen Igerabidek. Marrazkietako batzuk ikusi ahal izan ziren Ur marako negutegiko erakusketan, eta Igerabidek, liburutik batzuk ere irakurri zituen.

Ekitaldiaren amaieran, ohikoa den bezala bertaratu ziren herritarrek eta arte zaletuek artistekin beraiekin hitz egiteko aukera izan zuten, lanen inguruko xehetasunak, ikusleengan sortzen duten sentsazioak eta abar ingurune paregabean elkarbanatuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión

Publicidad