Borrar
Bilintx omentzeko emankizuna egingo dute larunbat arratsaldean Antzoki Zaharrean. Royo

«Kasik baloratuagoa zen kanpoan hemen baino»

Maiatzeko emanaldiak izandako harreraren ostean bigarren bat egingo dute larunbat arratsaldean Antzoki Zaharrean «zorra kitatzen amaitzeko»

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 7 de julio 2021

Indalezio Bizkarrondo Bilintxen jaiotzaren 190. urteurrena dela-eta, bertsolari donostiarra omentzeko hitzaldi musikatuz, mahai-inguruz eta bertso-saioaz osatutako 'Bilintxen Menda' hamabostaldia antolatu zen maiatza erdialdera. Lehenean izan ziren oholtzan Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzarekin.

Izandako harrera onaren ostean, larunbat honetan bigarren saio bat egingo dute Antzoki Zaharrean zenbait sorpresarekin Bilintx omendu eta artista donostiarraren hain ezagunak ez diren zenbait ezaugarri azaleratzeko.

190 urte beteko dira Bilintxen jaiotzatik. Bera da modan ala bertsoa?

Biak esnago nuke. Bertsoarena azken urteetako fenomeno bat da eta, alde horretatik, agian ez da halako nobedadea. Bilintxen kasuan ukaezina da bertso munduan itzal bat beti izan duela, soilik azken urteetan beste batzuei tokatu zaiela. Txirritari haren 80. urteurrenean eta orain Bilintxi, bertsolaritza munduan gure handietako bat da, gure klasikoetako bat. Merezi duen leku bat da.

Bigarren maila batean, itzalpean izan da orain arte? Ahaztu egin dugu urte luzez?

Ez dakit Bilintx izan den bigarren maila batean geratu dena edo lehen esan bezala beste batzuek hartu duten protagonismo hori azken boladan urteurrenak eta horrela tokatu direlako. Ez nuke esango bigarren maila batean utzi denik, beti izan du estimu handia eta bertso mundutik hori beti aitortu zaio. Egia da agian ez dela bilatu aitzakiarik Bilintx gogoratzeko edo ez dugula izan urte seinalaturen bat. Baina bertso munduan beti izan da lehen mailan.

Ekimen honekin zor bat kitatzen dela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Maiatzean antolatutako 'Bilintxen Menda' hamabostaldiarekin eta larunbatean dugun ekitaldiarekin zor bat kitatzen dugu. Antolatzeko prozesu honetan guri egokitu zaigu informazioa arakatzea, gehiago bilatzea, gehiago ezagutzea. Eta zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta gehiago baloratzen da Bilintxen lana. Dudarik gabe merezi zuen horrelako omenaldi bat.

Dudarik gabe Bilintxek antzeko omenaldi bat merezi duen, gure handienetako bat da.

Eñaut Agirre

Eta etxean, gainera.

Hori da. Maiatzean hamabostaldiaren barnean egindako emanaldi oso polita izan zen eta jendeak oso ondo hartu zuen. Hitzaldia eskatu ziguten, baina guk esan genien emanaldi bat egingo genuela ikuskizun erakargarria egin nahi genuelako. Musikaren ahalegin berezia egin genuen eta emaitzarekin oso gustura geratu ginen.

Antzoki Zaharra bera ere toki sinbolikoa da.

Kontu egin behar dugu Antzoki Zaharra Bilintxen etxea izan zela, bertako langile zen eta bertan zeukan etxebizitza. Azkeneko bonba ere, bera hil zuena, han jaso zuen, Antzoki Zaharrean bertan. Horrek leku oso esanguratsua egiten du eta, horretaz gain, bertsolaritzarentzako oso leku berezia izan da urte luzetan.

Royo

Zergatik?

Donostiako bertso egunaren aurretik, urte luzez sansebastianen bueltan egin dena, eta BECeko emanaldien aurretik egun seinalatua bat baldin bazen Antzoki Zaharrean urtero egiten zen saioa zen.

Ikuskizun erakargarria egiten saiatu zaretela esan duzu. Zer topatuko du bertaratzen denak?

Maiatzean izandako formatua mantendu dugu. Hasiera batean hitzaldia izateko eskatu ziguten, baina azkenean ia kontzertu bat egin dugu. Esplikaziotik ere asko du, hori bai. Bilintxen bertsokera eta Bilintx izan zenaren bueltan. Romantizismoa zen garai hartan Europatik zetorren mugimendua eta Bilintx beti deskribatu izan da erromantiko modura, horrek dakarren guztiarekin. Baina ez da izan bertsotan izan den erromantiko bakarra, eta hori ere azaleratu izan nahi dugu emanaldian

Bilintx entzutera bakarrik doanak sorpresak izango ditu orduan.

Eta bat baino gehiago. Garaikideak izan ziren beste bi erromantikoei, Iparraguirreri eta Pierre Topet Etxahuni, tokia egin nahi genien eta Amets eta Maialeni laguntza eskatu genien. Luxu bat da haiek gurekin izatea, duten bertso ibilbideagatik eta kantari apartak direlako. Haien sail pare bat kantatuko dituzte.

Gainera, Bilintxi buruz beti azpimarratu izan da zenbat sail egin zizkion bere maiteari, bere maitasunari eta alderdi horrekin geratu izan gara maiz. Baina erromantizismoak baditu beste alderdi batzuk ere eta Bilintxengan ematen zirenak azaleratu nahi izan ditugu emanaldian. Esaterako botere gune handienei –eliza, monarkia eta burgesia– umore eta ironia handiz egiten zien kritika soziala. Sail oso onak daude, esaterako zaldi zuriarenak, eta horiek ere kantatu ditugu larunbatean.

Bilintxen beste aurpegiak ezagutzeko aukera, beraz.

Bai, hori da egin nahi dugun ekarpen nagusienetako bat. Aurrez aipatutakoaz gain hain ezagunak ez diren beste bi fazeta, izaera eta pentsamendu politikoa, islatzea. Jatorriz famili pobrekoa zen Bilintx eta beti bizi izan zen oso gutxirekin. Horrek bere bizimodua asko markatu zuen, garai hartako donostiar gehienak bezala bat gehiago zen. Zeukanaren aurka eta herriaren alde jartzera bultzatu zuen horrek.

Jatorriz famili pobrekoa zen Bilintx eta horrek zeukanaren aurka eta herriaren alde jartzera bultzatu zuen

Eñaut Agirre

Nola hartu zuten 'boteretsuek' jokabide hori?

Asko haserretu ziren. Baina horri esker lortu zuen kanpoko sektore ilustratuek hainbeste estimatzea. Gaztelaniaz ere idazten zuen eta Madrileko aldizkari batean kronista bezala aritzen zen. Kasik baloratuagoa zen kanpoan hemen baino. Gerra garaia zen eta horrelako gauzei garrantzia gutxi ematen zaie. Hil zenean saiakerak egon ziren diru-bilketa egin eta bere obra biltzeko. Horrek erakusten du zein handia izan zen bere eragina eta dimentsioa.

Nolakoa zen haren bertsokera?

Sekulako maila zuen Bilintxek, lehen belaunaldi hartako partaideetatik antzeman egiten zaio idazten zekiela. Oso jantzia zen, bertsoa detaile handiz egiten zuen, ia poesia puntu batekin. Bat-bateko bertsolarien kolpea zuen, baina idatzizko elegantzia puntu hori ere. Bertso mailaz niretzat izan dugun onenetakoa da, estilo eta teknika aldetik estilo berri bati ateak ireki zizkion.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kasik baloratuagoa zen kanpoan hemen baino»

Eñaut Agirre: «Bilintx kasik baloratuagoa zen kanpoan hemen baino»