Borrar
Irene Aldasoro itzultzailea Michelena

Gaztetasunetik 'normaltasunera' hazteko bidearen kronika

Irene Aldasorok euskaratu du 'Jende normala' nazioarteko best-seller berria, kritikariek ere begi onez hartu dutena

Amalia Ibargutxi

Donostia

Lunes, 30 de noviembre 2020, 16:26

Bide baten amaieran dagoen tokia balitz bezala, bi gazteren heldutasunerako bidaia kontatzen du Sally Rooney-k 'Jende normala' eleberrian. Berezitasun edo disfuntzionaltasun batetik 'normaltasunerako' haztea, hain zuzen. Zer da, baina, normala? Idazle irlandarrak osatu duen unibertsoa garaikidea da, baina bere baitan ditu iraganetik gaurdaino heldutako baldintza kultural eta materialen ondorioak, eta kezka unibertsalak. Irene Aldasoro itzultzailearen ustez, istorioan kontatzen dena «gogoeta bat da, posibilitate bat maitasunaren praktikan».

Dublingo Trinity College-en kokatuta dago Connel eta Marianne-en istorioa, eta testuinguru horretan txertatuko ditu Rooney-k sexuaren, emozioen, askatasunaren, porrotaren, bakardadearen edota elkarrenganako grinaren inguruko hausnarketa eta iritziak, eta horieri aurre egiteko modu desberdinak.

Bidaia iniziatiko bat ere bada liburua, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editorearen ustez. Funtsean amodiozko istorio bat da 'Jende normala', leku bila dabiltzan bi neska-mutil gazteren bizitza propioa eraikitzeko saiakera. 2018an plazaratu zuen lehenengoz liburua, 'Conversations with friends' kaleratu eta hurrengo urtera, hain zuzen. Aurten, BBC-k telebista saio bilakatu du 'Jende normala'.

The Guardian egunkarian jasotako kritika ekarri dute gogora aurkezpenean, nabarmentzen duena nola eleberria ez den ari egungo gazteez, baizik eta edozein garaitan gazte izateaz eta maiteminduta egoteaz. Ildo horretatik, ez dute uste gazteentzako eleberria denik. Ez hori bakarrik, behintzat.

Indarkeria, harreman ustelak, matxismoa edota arrazakeriak osatzen dute istorioaren testuingurua, horietan gehiago edo gutxiago sakontzen badu ere autoreak. Klase sozialen arteko kontrasteak, erlijioaren eragina gizartean... Irakurleak interpretatuko dituen geruzak osatzen omen dituzte elementu horiek guztiek, «nahasmenetik atera arte egia sanoago bat, minak min, errespetuari lekua eginez, izateko modu berriak bilatuz», hausnartu dute Giménez eta Aldasorok.

Itzultzaileak azpimarratu nahi izan ditu liburuaren geruza horiek, esaten denaren atzean dagoen hori. «Protagonistek aukerak izateko testuinguru oso oparoa sortu du Rooney-k, eta beraien barruak aurkitzeko modua bada ere beraien arteko harremana», zehaztu du.

Hizkera arrunta

Hala ere, itzultzaileak onartu du hasiera batean erraza izango zela uste zuen lana zaildu zitzaiola gero, egunerokotasuneko hizkera arruntaren naturaltasun hori eta esaldi laburren zuzentasuna euskaratzeko garaian.

Izan ere, erregistro informalena birsortu nahi izan du erderakadetara edo hizkera mistora jo gabe. Hausnartu nahi izan dute horren inguruan, eta belaunaldi euskaldunenak topa ditzakeen muga horietaz, sexuaz edota emozioez hitz egitean, besteak beste, nahiz eta Giménez-ek itzulpen lanaren emaitza goraipatu nahi izan duen zentzu horretan.

Uste du 'Jende normala'-ren moduko eleberriak euskaratzea klabea dela erregistro horren sorrera edo zabalkundeari bide emateko. Izan ere, kritikak goraipatu duen obra da Sally Rooney-rena, baina mainstream ere bilakatu da une batez, hau da, gizartearen gehiengoarena, masa kontsumoarena. Eta esperientzia hori ere izan daiteke euskaraz orain.

'Jende normala' liburuak irabazitako sarien artean daude Costa Eleberri Saria eta Irlandako Urteko Liburuarena. Irene Aldasoro bera ere saritua izan da bere lanengatik. Bi urtez Euskadi Literatura Saria irabazi du itzulpengintza arloan. 2000. urtean James Joyce-en 'Dublindarrak' lanagatik irabazi zuen, eta 2018. urtean, Emily Brontëren 'Gailur ekaiztsuak' lanagatik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gaztetasunetik 'normaltasunera' hazteko bidearen kronika

Gaztetasunetik 'normaltasunera' hazteko bidearen kronika