Borrar
Aramendi, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria, Ataunen. I. ROYO

Martin Aramendi

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria
«Euskaraldiaren aitzakian sortutako taldeek sua bizirik eustea ona litzake»

Kanpotik datozenei gure hizkuntzara erakartzea adina garrantzi ematen dio ataundarrak bertakoek euskaraz bizitzeko ohitura mantentzeari

Gaizka Lasa

San Sebastián

Sábado, 24 de mayo 2025, 02:00

Euskara hitz egin eta erakutsi ez ezik, maite ere egiten du Martin Aramendik. Ataungo alkate eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari gisa, bere ama hizkuntza sendotzeko baldintzak sortzea du xede. Badu ezagutza, baita jarioa ere ahobizi petoa izateko. Solaskide ona, gaurkoan bertsoak alde batera utzi eta serio dihardu.

– Zer giro sumatu duzu Euskaraldian?

– Ataunen, polita esango nuke. Hemen talde bat osatu da, duela bi urte ez bezala. Orduan udaletik bultzatu behar izan genuen. Joan zen ostiralean ekitaldi oso polita antolatu zuen: herriko ikastetxeko gaztetxoekin, dantza taldekoekin, abesbatzarekin eta abar. Jende asko txaparekin ikusi dut eta ilusioa sumatu dut.

Azpeitian konferentzia

«Egunero euskararen ekoizpena ziurtatzen diguten arnasguneak zaindu eta babestu egin behar ditugu»

– Ataun bezalako herri euskaldunean ere beharrezkoa al da ariketa soziala?

– Zenbaitek zalantzan jartzen du eta alde batetik ez zaie arrazoirik falta, baina bestetik gure herri txikietako egoera ere aldatzen ari dela esan behar. Gero eta jende gehiago dago ama hizkuntza euskara ez duena. Horiek lasaiago senti daitezen edo euskaraz jardun dezaten, lagungarria da Euskaraldia. Halaber, herri txikietako gazteek herri handiagotara jotzen dutenean, dela ikastera, dela erosketak egitera edota lanera, antena moduko funtzioa burutzen dute. Haiek euskaraz jardunarazteko ere balio du.

– UEMAren helburuak eta Euskaraldiarenak ez al dira oso antzekoak?

– Baietz esango nuke. UEMAren xedea, azken finean, euskaraz bizitzea da, ahal bada urte osoan eta harreman guztietan. Euskaraldiak norabide horretan ohiturak aldatu nahi ditu. Guk, aitzitik, euskaraz funtzionatzeko dugun ohiturari eutsi. Hori iraunarazi. Baina bai, bien helburuak bat datozela esan genezake.

– Euskaraldia bihar bukatuko da. Eta gero?

– Ataunen sortu den talde horrek badakit konpromisoa hartu duela urte osoan ere elkartzeko eta lanean jarraitzeko. Euskaraldiaren aitzakian sortutako taldeek gerora ere dinamika batean jarraitzea garrantzitsua da: bestelako jarduera batzuk antolatzea eta, azken batean, bizirik eustea su hori.

Soziolinguistika

«Datuetan ikusten da arau soziala euskararen aldekoa dela eta hori itxaropentsu egoteko modukoa da»

– Iñaki Iurrebaso UEMAko teknikariak berripaper honi emandako elkarrizketan esan zuen eroso zaiona baino gehiago erabiltzen duela jendeak euskara.

– Iñakik irauli egin du orain arte genuen pertzepzioa. Erakutsi du ezagutzak ez duela bermatzen erabilera. Hizkuntza-gaitasuna giltzarria dela adierazi du, eta baita testuingurua, lehen hizkuntza, etxeko erabilera, atxikimendua eta beste aldagai batzuk ere. Erakutsi duena da, euskaldun batek euskaraz egiteko dituen aukerak, orotara, %18 badira, gaur egun %15ean gaudela; alegia, dauden posibilitateen %100etik oso gertu gaudela. Zer gertatzen da? Dauden aukerak ere ez direla asko. Izan ere, euskaldun asko gaztelania nagusi den inguruetan bizi da. Baina bai, datuetan ikusten da batzuk, nahiz eta gaztelaniaz hobeto edo errazago moldatu, euskara erabiltzen dutela seme-alabekin edota etxean.

– Hori ona izango da, ala?

– Noski. Ikusten da aldeko jarrera; arau soziala euskararen aldekoa dela. Aurrera begira itxaropentsu egoteko adierazlea da.

– Zoru hori zabaltzea izango da erronka, noski.

– Hori da. Oraintxe egin berri dugu jardunaldi bat Nafarroan, arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia aztertzeko. Azken batean, arnasguneetan euskara naturaltasunez transmititzen da. UEMAko herrietan ekoizten da, esaterako, egunero Euskal Herrian egiten den euskararen %60. Gune horiei sendo eustea giltzarria da. Horrek sekulako eragina duelako gero hizkuntza-gaitasunean, erabileran, eremu ez hain euskaldunetan sortzen duen antena efektuan...

Batzar nagusia

«Ekainaren 14an bost udalerri berri onartzen ditugunean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dugu»

– Jardunaldiak aipatzen hasita, baduzue iragarpen garrantzitsua.

– Hain zuzen ere, arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia antolatuko dugu Azpeitian urrian. Gai honen inguruan nazioarteko lehena izango da eta guretzat garrantzitsua da euskararen arnasguneak mundu mailan soziolinguistikoki erreferenteak garela erakustea. Bi jomuga dauzkagu: daukagunari eutsi eta, ahal dela, lurgune berriak irabazi. Badakigu bigarren hori zaila dela, baina lehenengoa ere ez da makala. Zaindu eta babestu behar ditugu arnasguneak. Egunero euskararen ekoizpena ziurtatzen diguten guneak. Horiek galtzen baditugu, euskarak asko izango du galdua. Munduan ez dago hizkuntza bizirik arnasgunerik gabe

– Mundua aipatuta, globalizazioa ere gogora ekarri behar.

– Arnasguneak eta herri euskaldunak zaurgarriak dira edozein aldaketaren aurrean. Azken urteotan aldaketa demografiko handiak ari dira izaten. Asko hitz egiten da honi buruz eta hainbatek baliatzen du aukera gure gaitzen ardura etorri berriei leporatzeko. Gu horren aurrean etengabe lanean ari gara. Badugu programa bat euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko. Martxan dago UEMAko 40 herritan. Etorri berri horiek eskola komunitatean integratzeko egitasmoa da, euskara haientzat horma izan ez dadin.

– Umeak ikastolan egingo du euskaraz, baina gurasoek?

– Guraso horiek komunitatearen parte izatea oso garrantzitsua da. Honen harira, datorren astean, AEKrekin dugun hitzarmenaren baitan, gurasoak euskalduntzeko programa aurkeztuko dugu. Dohainik izango da, udalerriek hartuko baitute bere gain kostua. Uste dut euskalduntzean erraztasunak ematen dituztela gure herriek. Baina lan asko dago egiteko, atzeraldian baikaude.

– Udalerri gehiago bidean zaudete.

– UEMAko kide izatea erabaki zuten pasa den astean Mutiloa, Mundaka, Ibarrangelu eta Donamariako udalek, eta erabaki bera hartu du aste honetan Ormaiztegiko udalak ere. Ekainaren 14an egiteko dugun batzarrean behin onartuta 118 udal izatera iritsiko gara eta 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dugu.

– Zergatik da positiboa gero eta gehiago izatea?

– Ziurtatzen dugulako herri hauetan UEMAk abian dituen proiektuak martxan jarriko direla. Oso interesgarriak dira batetik ahalduntze soziolinguistikoari begira, udalaren beraren euskalduntzeari begira, herriari begira. Eta bestetik, gure gainetik dauden erakundeetan eragiteko edo haiekin lankidetzan aritzeko posizio indartsuagoan jartzen gaitu.

– 118 udal Euskal Herrian, zer dira asko ala gutxi?

– 168 herri dira guztira UEMAko kide izateko baldintzak betetzen dituztenak, eta hortik 118 kide izatea handia dela uste dut.

– Egiten al duzue berriak erakartzeko lanik?

– Saiatzen gara. Oraindik kide ez direnekin gu geuk eskatzen ditugu bilerak egitasmoa aurkezteko. Goierrin, esaterako, Mutiloa, Ormaiztegi eta Lazkao dira oraindik bat egin ez dutenak. Lehenengo biak orain sartuko dira eta Lazkao geratuko litzateke. Badugu asmoa bilera eskatzeko, hain zuzen ere aztertzeko UEMAk zer eman diezaiokeen Lazkaori eta Lazkaok zer UEMAri. Azkenean, erabakia politikoa da. Udalbatzak hartzen du erabakia.

– Zein baldintza bete behar dira UEMAn egoteko?

– Bat soziolinguistikoa da: udal horretako euskararen indizea (euskaldunak + ia euskaldunak/zati bi) % 70etik gora izatea. Bestea politikoa: udalbatzak osoko bilkuran kide izatea onartzea. Egiten dugu lan bat. Nafarroan saiatu gara dezente. Hango Euskarabidearekin lanean gabiltza eta emaitza onak dira. Bizkaian eta Gipuzkoan ere ari gara. Araban ezin dugu, baldintzak betetzen dituen herri bakarra dagoeneko kide delako: Aramaio. Baina ezagutza gora doa eta logikoa daUEMAko herri kopurua haztea.

– Erabaki politikoa aipatu duzunez, Mundakan izan zuten eztabaida handi samarra. Harritu egin al zizun?

– Bai, batzar gorabeheratsua izan zuten. Gobernu akordio bat zuten EH Bildu eta independenteek. Azken hauek bertan behera utzi zuten. EAJk ere aurka bozkatu zuen eta eman zuen argudioa ez zitzaidan oinarri handikoa iruditu. EUDELek eskaintzen dituzten zerbitzuekin nahikoa dutela. Guk dakigula EUDELek euskara arloa badu eta haiekin ere elkarlanean ari gara, baina ez du aparteko zerbitzurik eskaintzen.

– UEMA eta EUDEL bateraezinak direla pentsatuko du zenbaitek.

– Ez. Osagarri izan daitezke. Eudelen daude udal guztiak, edo gehienak, UEMAn, aldiz, indizea betetzen dutenak. Harremana badugu eta elkarlanerako prest gaude.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Euskaraldiaren aitzakian sortutako taldeek sua bizirik eustea ona litzake»

«Euskaraldiaren aitzakian sortutako taldeek sua bizirik eustea ona litzake»