Borrar
Doinu eta erritmo euskalduna. Tobera Musika eta Dantza eskolan arnasgune sendo bat eraiki dute Zegaman. LOBO ALTUNA
Lantokia, hazia botatzeko gune estrategikoa

Lantokia, hazia botatzeko gune estrategikoa

Euskaraldiak entitateen prozesua abiatu zuen norbanakoen izen ematea baino lehen, eta zenbait enpresa eredugarri izan dira zabalkundean

Gaizka Lasa

San Sebastián

Martes, 13 de mayo 2025, 02:00

Lantokietan ematen ditugu eguneko ordu gehienak eta lan eremua da harremanetarako gune garrantzitsu bat. Hori dela eta, Euskaraldiak norbanakoak ez ezik entitateak ere aintzat hartu nahi izan ditu ariketa soziala sustatzeko. Dela barne komunikazioan euskara bultzatzeko, dela langileak bizitza sozial euskaldunerako prestatzeko, erakundeak funtsezko eragileak izan dira.

Bere gain hartu dute ardura Tekniker Teknologia eta Ikerketa zentroan. Bertako Fabrikazio Teknologia Aurreratuak unitateko ikertzaileak dira Goreti Alberdi eta Josu Leunda, baina horrez gain euskara batzordeko arduradunak izateko ohorea dute. «Lankideak parte hartzera bultzatzen saiatzen gara», dio Josuk. «Adibidez, ekitaldiari ikusgarritasuna emateko, 'aurreeuskaraldia' antolatu dugu otsailetik hasita. Hilean bitan, asteazkenetan, txapak jarri eta dinamikari heldu diogu, entsegu gisa».

Bestalde, 'bazkaltegiak' ere asmatu dituzte Eibarko egoitzan. «Mahaiak antolatu ditugu jangelan hiruzpalau euskaldun zahar beste hainbeste euskaldun berrikin elkarrekin solasaldian jartzeko asmoz». Azken batean, horiek dira entitateen prozesuaren xedeak: «jendea prestatu eta ikusgarritasuna eman», Euskaraldia iristerakoan ahalik eta jende gehien apuntatzeko.

Akuilu lanak burutzen dituzte, hortaz, Josuk eta Goretik. «50 langile baino gehiagoko entitateek –300 bat dabiltza Teknikerren– aukera dugu gure URL bitartez jendea apuntatzeko. Behin eta berriro deialdia gogorarazten ibili gara. Ezagutza horrek nahia daukanari aukera bat eskaintzen dio. Sorpresak ere hartu ditugu. Euskaraz ez zekiela uste genuen horrek euskaraz hitz egin digu, eta sekula gure hizkuntzara gerturatzeko prest egongo zela uste ez genuen hori, berriz, jarrera positiboarekin sumatu dugu. Bestalde, euskaraz bizi nahi dutenek eskertzen dute ahalegina».

«'Bazkaltegiak' antolatu ditugu hiruzpalau euskaldun berri eta beste hainbeste euskaldun zahar hizketan jartzeko»

Josu Leunda

Tekniker (Euskara batzordea)

Azken batean, ohiturak aldatu nahi ditu Euskaraldiak eta entitateak ere horren bila dabiltza. Goretik beste ekimen baten berri ematen digu. «Aurten Tekniker barruan norbaitek besteari korreo bat bidaltzen dionean, nahi duenak ondorengo mezua jarri dezake: 'nirekin euskaraz egin dezakezu'. Zenbaitek ekertu du orain arte gazteleraz egin dion horrek euskarara pasa izana».

Aktibazioa erraztuz

Debagoioenatik Goierrira etorrita, Ampo enpresa ageri da ispilu gisa. Hemen ez da euskara batzorderik, 'motibazio taldea' baizik. Izenak dena esaten du. Aitor Urkia, Aitor Arruabarrena, Estitxu Otaegi, Jaione Otegi, Eider Dorronsoro eta Ane Bergaretxe dire bertako kideak, nahiz eta «talde irekia izan nahi duenarentzat, eta anitza». Ez daude irla isolatu batean, erakunde guztia zeharkatzen baitu euskara zaletasunak. Batzar Orokorra ere euskaraz egiten dute, finantza gaien lanketa barne. «Gure kulturan txertatuta dago», dio Anek. Hala, Euskaraldia bezalakoak datozenean, aktibazioa ere samurragoa da.

Ampon hizkuntza politika orokor bat dago, helburu jakin batzuekin: euskarak erakundean duen presentziaz jabetzea, hobekuntza proposamenak landuz, eta ahozko nahiz idatzizko erabilera indartzen laguntzea. Hori egunerokoan. Hortik harago, ekitaldiak dinamizatzea: Euskaraldia, Korrika, Euskara Festa...

Politika orokorra ekimen konkretuetara eramateko irudimena azaldu dute motibazio taldekoek. Esaterako, harezko erloju gorria asmatu dute. «Ikur gisa erabiltzen dugu bilera geletan, euskara buruan izateko, alegia, hizkuntza lehentasuna gogorarazteko. Izan ere, kanpotarren bat gehienetan egoten da. Ikusgarria da. Estatikoa ez izatea zen asmoa», azaltzen du Anek. Idatzia ere badarama: 'erabil nazazu ez nadin geratu'. Metafora ederra.

Karteldegia ere ondo zainduta dago. «Identifikatu ditigu alor desberdinetan daudenak, bai eskuz egin daitezkeenak, baita hornitzaileengandik jasotakoak ere. Kanpotik datozen horiek askotan gazteleraz dator, baina eskatuz gero, itzultzen dituzte. Hortara egon behar, antena piztuarekin. Sentsibilizazio kontua».

Motibazio taldea. Ane Bergaretxe, Aitor Urkia, Estitxu Otaegi, Jaione Otegi, Eider Dorronsoro eta Aitor Arruabarrena, Ampoko euskara zirikatzaileak. Lobo Altuna

Euskaraldiari dagokionez, Idiazabalgo lantokiko 500 lagunek jaso dituzte gogorarazpenak, baita animoak ere. «Kanpaina bat abian jarri genuen, bide batez: 'Lehen hitza euskaraz'. Bezero edo hornitzailerari, esaterako, agurra beti euskaraz egiteko». Halaber, egoitza barruan 'mintzatratuak' antolatu dituzte. «Konpromiso idatzia da bi pertsonen artean euskaraz hitz egiteko. Solasaldiaren hizkuntza adostea formalismo baten bitartez. Sinadura sinboliko bat, adibidez, kafe gunean. Ohitura gutxiago duenari, bere fruitua eman dio», motibatzaileek diotenez. Motorrak ondo berotuta iritsiko dira, beraz, Ampoko lankideak Euskaraldira.

Jendea aktibatzeko trebetasuna aurretik landua dute. «Euskara festan parte-hartze zabala lortu genuen. Zuhaitz bat jarri genuen egurrezko bolekin eta gogokoen zenuen hitza idatzi behar zenuen. Hitz oso bereziak eta politak atera ziren. Hasieran zerorrek abiatu behar duzu, baina gero jendea animatzen da. Pixka bat zirikatzea da kontua».

«Harezko erloju gorria asmatu dugu ikur gisa bilera geletako. Bertan jartzen du: 'Erabil nazazu ez nadin geratu'»

Ane Bergaretxe

Ampo (Motibazio taldea)

Erakunde txikietan ere badaude eredu apartak. Zazpi lankide dira Zegamako Tobera musika eta dantza eskolan baina bailara oso baten euskararekiko atxikimendua lortzeko gaitasuna dute. Iker Gómez de Segura da zuzendaria eta hausnarketa aberatsa dakar Euskaraldiaren atarian. «Pribilegiatuak gara ingurune geografiko honetan egoera soziolinguistikoa erabat aldekoa dugulako. Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa oso euskaldunak dira, arnasguneak; baina horrek ez du kentzen ariketaren ezinbestekotasuna. Arnasguneak proiektuatu behar ditugu, indar hori ingurura zabaldu».

Erdaldunekin abegikortasuna

«Familia eta ikasle guztiei mezuak bidali dizkiegu Euskaraldia zer den eta rolak zeintzuk diren jakinarazteko, baita arigune izateak zer suposatzen duen azaltzeko. Informazioa helarazi beharra daukagu». Baina ez da hor geratzen eskolaren ekarpena. Ikerrek aipatu moduan, «hizkuntza horrekiko elikadura eta sormena ere gure esku dago. Musika terminologiaz ari naiz esaterako. Edota baliabide digitaletaz. Joera batzuk har ditzagun Euskaraldiaren ondorengo iraunaldi hori luzatzeko».

Euskera batzordea. Teknikerreko Eibarko egoitza nagusian Josu Leunda eta Goreti Alberdi aritzen dira akuilu lanetan. F. Morquecho

Martxa horren baitan, hain justu, beste ekimen batzuk ere eraikitzaileak dira. «Aholkularitza enpresei lata ematen diegu, edo aseguru etxeei, edota prebentzioko arduradunei. Matraka ematea tokatzen da. 'Estos son los del euskera', entzun izan dugu. Bada, bai, horiexek gara».

«Pribilegiatuak gara gune soziolinguistiko honetan eta arnasguneak proiektatu behar ditugu, indar hori ingurura zabalduz»

Iker Gómez de Segura

Tobera Musika Eskola (zuzendaria)

Era berean, belarriprestaren filosofiarekin bat datozen jokabideak ere hartzen dituzte Toberan. «Etorri berriei ez diegu baztertzen. Elebitan bidaltzen dizkiegu komunikazioak eta bileretan aukera ematen diegu eroso senti daitezen. Aldi berean, gurasoei esaten diegu ako egin dezaketela seme-alabei euskara eskura jarriz. Erdaldunak ekarpen handia egin dezakete. Euskara onartzea hutsa, errespetatzea hutsa... Hori asko da. Abegikortasunez aritzen gara erderaz erantzuten gaituztenekin».

Gainontzerakoan, euskara enpresa kultura bihurtu du musika eskolak: «lehen hitza beti euskaraz, agerraldi denak euskara hutsean, sare sozialak euskaraz, webgunea euskaraz, kontzertu programak ere bai. Hori guztia bistaratzea inportantea da arigune gisa posizionatzeko», dio Ikerrek.

Euskal entitateak, hortaz, eragile eraginkorrak izan daitezke langile orok euskara ohiturak barnera ditzan. Ariketa soziala hastera doan honetan, parte-hartzaile asko eta asko lantokitik animatuta datoz, eta lantokia izango dute, era berean, aurrerantzean ohitura aldaketa islatzeko gune nagusia. Izan ere, gustatu ala ez, lanean pasatzen dugu (askok) bizitzaren zati handi bat.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Lantokia, hazia botatzeko gune estrategikoa