Izaskun Igoa Jaimerenak, 1995ean Zigan jaiotako idazle baztandarrak, irabazi du Donostia Kulturak eta Balea Zuria poesiari emandako argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bosgarren edizioa, 'Hotza bazkatzen' lanagatik.
Publicidad
Atzo, Poesiaren Egunean, eman zuten jakitera Itxaro Bordak, Eli Tolaretxikik eta argitaletxeko ordezkari Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren erabakia Gorrotxategik berak eta Donostia Kulturaren baitako liburutegien zuzendari Arantza Urkiak. Irabazlea eta haren zenbait lagun eta senitarteko bertan zirela, baita Donostiako Liburutegi Nagusiko zuzendari Elena Oregi ere.
Lehiaketak bost urte bete izanaren garrantzia nabarmendu zuten Urkiak zein Gorrotxategik, eta ezkutuan geratzeko arriskua duen genero baten aldeko apustua berretsi zuten, sorrerako helburuei eutsiz betiere.
Donostia Kultura Poesia saria sortu zen, hain zuzen, «idazle berriak ezagutzera emateko eta haientzat ibilbide baten hasiera izateko». Xede horrekin antolatzen denez, 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteek har dezakete soilik parte. Aurten 10 autorek bidali dituzte beren lanak lehiaketara, bederatzi emakumek eta gizonezko bakar batek.
Horien artean aukeratu dute Izaskun Igoarena kalitate handikoa ez ezik «ezohikoa» iruditu zaielako, «gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna» erakusten baitu. Egilearen «sen poetikoa» eta erreferentzien aniztasuna -Ixiar Rozas, Castillo Suarez eta beste zenbait euskal idazle aipatu dituzte-, ere hartu dituzte kontuan idazle nafarraren lana aukeratzerakoan.
Publicidad
'Hotza bazkatzen'-ek «kontzientzia eta izatea» ditu ardatz. «Gorputza oso modan» dagoen honetan gai horien inguruko «gogoeta filosofikoek» ezohiko eta desberdin bilakatzen dute Igoaren proposamena.
Aritz Gorrotxategiren esanetan, gauza oso zail bat lortu du poeta gazteak: «Izaskunen lanak benetan hunkitzen zaitu, planteatzen dituen kezkak iritsi egiten dira irakurlearengana, eta gogoeta egin eta hunkigarri izatea oso zaila da».
Izaskun Igoa bete-betean egokitzen zaio sariak bilatzen duen profilari, argitaratu gabe eta ia zabaldu gabe baitaude bere poemak. Adierazi du umetatik izan dela oso liburu zalea, eta institutuan izan zuela poesiara zaletu zuen irakasle batekin topo egiteko zortea. Beretzat idatzi izan du nagusiki, nahiz eta hau ez den bere aurreneko agerraldi publikoa. 2020an 'Lurra zango zolaren gainean'-ekin Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan aipamen berezia lortu zuen. «Horrek asko animatu ninduen», esan zuen 2019az geroztik Ttipi-ttapa aldizkariko kolaboratzaile den Izaskun Igoa Jaimenerak, zeinak, aurreneko urrats honen ondotik, bere bidea egin lezake euskal poesian, Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi duten, edo finalista gelditu diren, beste idazle batzuk egiten ari diren bezala.
Publicidad
Irabazleak Imanol Larrinagaren margolan bat eta 1.000 euroko saria jaso zituen, eta aurrerago ikusiko ditu bere poemak liburu bilakatuta, Balea Zuriaren eskutik. Ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan, gainera, bere poemak irakurri ahal izango ditu.
Lehiaketek injustizia puntu bat dutela esan zuen Aritz Gorrotxategik, eta egileen izena ematea ezinezkoa bada ere finalista izatera heldu diren bi lanen izenburuak eman zituen, errekonozimendu gisa: 'Aingurak' eta 'Esan ezin ditudan gauzak'.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.