Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Matías Múgica itzultzailea, 'Odisea'-ren euskarazko bertsioa eskuan duela. Félix Morquecho

'Odisea' euskaratu du Balea Zuriak Homeroren «neurtitzak» errespetatuz eta «hizkera klasikora» gerturatuta

Matías Múgica itzultzaileak azken hiru urteak baliatu ditu lanerako hainbatetan Joanes Etxeberri Ziburukoaren 'Manual debozionezkoa' eredu izanda

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 17 de febrero 2025, 17:18

Ulisesek Ithakara itzultzeko 20 urte behar izan zituen eta bai Troiako gerrak iraundako hamar urteetan zein handik etxerakoak iraundako beste hamarretan abentura mordoa eta zenbait sufrikario bizi zituen. Azken 2-3 urteetan bidaia intentsoa egin du Matías Múgicak Homeroren 'Odisea' poema-liburua euskarara ekartzeko Balea Zuria argitaletxearentzat eta itzulpenarekin bizitakoak ere ez dira txikiak izan, astelehen honetan azaldu duenez. Izan ere, «neurtitzetan» ekarri du, hau da, bertsotan, nahiz eta une oro lehen terminoa erabili duen «bertsoak euskaraz beti ekartzen duelako estrofa kutsua», kasu honetan «nahasgarria» izango zena 'Odisea'-k ez duelako estrofarik. «Hasieratik bukaerara bertso eta neurri bakarreko poema da, 12.000 hexametro bata bestearen atzetik jarriak inolako mozturarik gabe». Hala, 24 kantutan aurkeztutako banaketa ez da originala, K. a. II. mendeko gramatikariek egindako zatiketa baizik. Era berean, originalak errimarik ez zuenez itzulpenak ere ez du.

'Odisea'-k «itzulpen tradizio handia» du, «lehena K.a. III. mendean» Múgicak oroitu bezala, eta horrek «estandar falta» ekarri du. Izan ere, «milaka aldiz, mila hizkuntzetan eta mila modutara» egin da, «batzuetan prosan, batzuetan neurtitzetan, errimarekin, errima gabe, testua erabat errespetatuz, sobrante zituen zatiak bakanduz, etab.». Euskaraz ere izan du bere bidetxoa, Aritz Gorrotxategi Balea Zuriako kideak nabarmendu bezala, aurrez bi itzulpen izan baitira. Batetik, Aita Onaindiak 1985ean bizkaieraz plazaratu zuen «hitz lauzko bertsioa»; bestetik Juan Kruz Igerabidek 2007an Ereinentzat egindako, gazteagoentzako egokitutako prosazko bertsioa. «Lan horien bidez Odisea etortzen hasi zen eta Múgicaren itzulpenarekin itzuli egin da, geratzeko espero dut», adierazi du Gorrotxategik.

'Odisea'

'Odisea'
  • Egilea: Homero.

  • Itzultzailea: Matías Múgica.

  • Argitaletxea: Balea Zuria.

  • Orrialdeak: 504.

  • Prezioa: 34,5 euro.

Originalera jota, greko hori euskarara ekartzerakoan eredu izan ditu «Lapurdiko testu zaharrak» eta, zehazki, «Joanes Etxeberri Ziburukoaren 'Manual debozionezkoa' hizkera zaharra imitatu eta pastitxe bat ez geratzeko». «Epikaren hizkera oso artifiziala da, ezin da gaurko euskara estandarra erabili, eta arkaizantea urrun gera daiteke». Erdibideko puntua lortuta pozik azaldu da emaitzarekin.

«Neurtitzetan» egiteko hautua itzultzailearena izan zen eta gutxi du ausazkotik. Prosan egitea baztertu nuen iruditzen zitzaidalako 'Odisea' ez dela nobelatxo bat, poema epiko bat baizik. Formaren edertasunak dakartzan estilema eta estiloa osagai funtsezkoak dira eta hori kenduz gero benetan desitxuratua geratzen da». Prosa itzulpenak «funtzio informatiboa, 'Odisea'-n zer gertatzen den» jakiten lagun dezakeela onartu du, baina asmoa «irakurleari estilistikoki zer den eta zirrarak helaraztea» bada asmoa, bidea neurtitzak direla iritzi du. «Originalaren antzeko artefaktu erritmiko bat sortzeko modua da». Ideia eta proposamen harekin joan zen argitaletxera. «Matías antologia batekin etorri zitzaigun, gutxi gorabehera %10a edo itzulia zuenean, eta guk esan genion ahal balitz osorik nahiago genukeela, ederra izango litzatekeela kaleratzea. Lan zail eta luze bati heltzeko erronka onartu zuen eta oso eskertuta gaude», xehatu du Gorrotxategik.

Bidean ere «neke, problema eta korapilo mordoa» sortu dizkio euskaratzeak eta hartarako erreferente izan du. Nagusietako bat 'Odisea'-k duen «bertso luze, monotono, errepikakor eta ia hipnotikoen tiliki talaka» hori euskaraz lortzea, horrek lortzen baitu «irakurlea entregatzea». «Ez ziren irakurtzeko idatzi, kantatzeko eta oholtzan deklamatzeko baizik», azpimarratu du. Hori argitzean bigarrena zein «neurtitz hautatzea» zen gakoa. «Bistakoa iruditzen zitzaidan hamabost silabako euskal bertso luze tradizionala aukeratzea, 8 eta 7 silabako bi hemistikioz osatua, euskaldun baten belarrirako oso usatua. Ez da abantaila txarra».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Odisea' euskaratu du Balea Zuriak Homeroren «neurtitzak» errespetatuz eta «hizkera klasikora» gerturatuta

'Odisea' euskaratu du Balea Zuriak Homeroren «neurtitzak» errespetatuz eta «hizkera klasikora» gerturatuta