
Secciones
Servicios
Destacamos
Julen Alberdi 'Txikia IV.a' da Lehen Mailako Euskal Duatloiaren txapeldun berria. Azkoitiarrak txapela jantzi zuen Azpeitiko zezen plazan jokatutako lehian, lanak 23 minutu eta 22 segundotan amaituta. Bigarrenari, Xabier Zalduari, hogei segundoko aldea atera zion. Ezustekoa eman zuen zumarragarrak eta azken unera arte kolokan izan zen lehen postua. Hala ere, ondo neurtu zituen indarrak Azkoitiko aizkolariak eta azken korrika saioa hasterako minutu erdiko abantaila zuen. Eskuak altxa ahal izateko nahikoa.
Hirugarren eta azken txandan atera zen plazara Txikia IV.a, Julen Kañamares, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Eloy Kortxerorekin batera. Alberdik aise gainditu zituen multzokideak eta lau minututik gora kendu zien arerioei. Dena den, Zalduaren denbora zen gainditu beharrekoa: 23 minutu eta 42 segundo. Bere indarrak ondo neurtu zituen Alberdik.
Hirugarren lanean, etzandako enborrean adarra tokatu zitzaion eta hamar bat segundo atzerarazi zuen eragozpen horrek. Alabaina ere, azken trantsizioan diferentziak ezarri zituen azkoitiarrak finalean.
Etxandako 45 ontzako enborra, neurri berekoa zutik eta 500 metro korrika –plazari bost bira– lau bider osatu zituzten kirolariek. Aurretik esana zuen Julen Alberdik: «Korrika galtzen dudan denbora, aizkoran irabazi behar dut». Esandakoa bete zuen. Lasterkaldiak patxadaz hartu zituen eta aizkoran, berriz, duen indarra erakutsi. Gustura amaitu zuen txapeldunak. «Ez nuen uste denbora horietan sartuko nintzenik».
Arriskatu beharra zuen eta bukaera aldera sekulako kolpearekin aritu zen aizkoran. «Neuk ez nuela uste nuena ere atera dut», aitortu zuen azken txanpako ahalegina azpimarratuz.
Lasterka ondo neurtu zituen indarrak eta azken saioan arrankatu beharra izan zuen. «Aurretik oso motel joan naiz eta amaierako esprint horrek ikaragarri ondo noala eman arren, zenbakietara begiratuz gero ziur ez direla aipatzeko modukoak ere», esan zuen.
Etxean «pazientzia latzarekin» laguntzen aritzen direnei eskaini zien txapela eta «duela denbora pixka bat laga gintuen Oier lagunari».
Xabier Zalduak eman zuen arratsaldeko ezustekoa. Bigarren txandan atera zen plazara 47 urteko aizkolari beteranoa eta aurrenekoan Eneko Saralegik, faboritoetako batek, egindako denbora hobetu zuen, lanak 23:57an amaituz. Bera izan zen lehen txandako garailea, Mugertzari 1:10eko aldea aterata. Gogor hasi ziren gazteak lehen txandan baina biak ala biak bete egin ziren.
Zaldua nabarmendu zen bigarren txandan. Eta hirugarrenean, berriz, aurrekoen erreferentziak hausteko nahiko adina indar atera zuen Txikia IV.ak, bere lehen parte-hartzea txapelarekin biribilduz.
Euskal Duatloiak formatu berria estreinatu du aurten. Lehen aldiz Bigarren mailako finala jokatu zuten 19 kirolarik eta haietako sei sailkatu ziren Lehen mailako finalera. Zain zituzten Azpeitian beste sei parte-hartzaileak.
Txikia IV. izan zen hemeretzi haien artean azkarrena; hurrengo bostek ere lortu zuten goiko mailara sailkatzea: Eneko Saralegik (10 minutu eta 15 segundoko denborarekin), Jokin Urretabizkaiak (11 minutu eta 34 segundo), Joseba Otaegik (12 minutu eta 5 segundo), Xuban Kañamaresek (12 minutu eta 41 segundo) eta Eloy Corcherok (12 minutu eta 53 segundo).
Beste sei lagun zituzten zain finale nagusian: Ugaitz Mugerza iazko irabazlea, Ibai Soroa, Arkaitz Jauregi, Oier Kañamares, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua.
Txapelketan beste hainbat kirolarik ere hartu du parte, baina finalerako txartelik gabe geratu ziren, hala nola, Jon Zaldua, Aritz Oregi, Eneko Larrion, Julen Aranberri, Emilio Garcia, Iosu Santamaria, Manuel Fraile, Urtzi Olasagasti, David Naredo, Dani Vicente, Beñat Lekue, Ander Altuna eta Iban Resano.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.