Borrar
Bai horixe

Margarita Porete

Aldaketa handi batek astindu zuen Mendebaldea erlijioaren eremuan, batez ere 1200 urtetik aurrera

Jueves, 1 de junio 2023, 06:29

Gaurko egunez, 1310ean, Parisen, Place de Grève-n, bizirik erre zuten Margarita Porete, Inkisizioak kondenatuta, liburu bat idatzi eta liburu hari -eta bere ideiei- uko ez egiteagatik. Datu soil horietan dago laburbilduta emakume handi haren bizitza. Askoz gehiago ez dakigu.

Mistikoa zen Margarita. Mistikoa, hitz honen esanahirik jatorrenean. Emakume jantzia, nortasun handikoa. Bere esperientzia mistikoa -Jainkoaren esperientzia- kontatu nahian idatzi zuen 'Le mirouer des simples ämes' liburua, bere ama-hizkuntzan ('Arima soilen ispilua', gaurko euskaran).

Aldaketa handi eta sakon batek astindua zuen Mendebaldea, erlijioaren eta espiritualitatearen eremuan, batez ere 1200 urtetik aurrera. Halako kezka, egonezina eta beharra sumatu zuten orduko gizon-emakumeek. Hizkera, irudikapen eta eredu berrien beharrean ikusten zuten orduko bizimodua.

Giro horretan, teologia berria sortu zen. Ama-hizkuntzan idatzia, esperien-tzia mistikoa zuen erdigunean. Eginkizun horretan, leku garrantzitsua izan zuten emakumezkoek. Hain hala, emakume mistikoen mendea izenda dezakegu XIII. mendea.

Bete-betean harrapatu zuen giro zaharberritzaile horrek Margarita, eta honek zintzo eta ausart jokatu zuen. Zin-tzoegi eta ausartegi agidanean, Elizako orduko agintarien iritzirako. Hauek berehala jarri zuten lanean Inkisizioa. Eta hortik aurrera ez zuen bakerik izan Margaritak. Ezta adore-faltarik ere, ordea.

Lehenik, 1306a baino lehenago, Cambrai-ko apezpikuak Margaritaren liburua kondenatu eta Valenciennes-ko plazan erretzea agindu zuen, Margarita bera hantxe zela, eta honi bere ideiak idaztea eta zabaltzea galarazi zion. Baina Margaritak liburua zabaltzen jarraitu zuen. Nonbait, liburuak baino nekezago erre-tzen dira ideiak eta konbentzimenduak.

Handik bi urtera, Margarita atxilotzea agindu zuen Cambrai-ko apezpiku berriak. Urtebete eduki zuten preso, baina ez zuen amore eman. Azkenik, 1310eko maiatzean epaitu eta gaurko egunez erre zuten bizirik Parisko plazan.

Gaur, inkisidore eta su guztien hatzaparretatik ihes eginda, eskueran dugu liburua. Internetez 'El espejo de las almas simples' baliatuz eskura dezakegu, PDF formatuan. Blanca Garí-k (Bartzelona, 1956) itzulia da eta Blancarena du sarrera jakingarria ere. Horixe baliatu dut zutabe hau idazteko, duela zazpiehun urte bizirik erretako emakume hilezkor hark zerbait merezi duelakoan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Margarita Porete