Borrar
Alkiza 2022 Sormenaren Kabia egonaldien aurkezpenean parte hartu zuten herriko ordezkariak eta artistak. NÚÑEZ
Alkiza

Sormenaren Kabiak bi artistentzako egonaldien deialdia ireki du

AGURTZANE NÚÑEZ

Domingo, 15 de mayo 2022, 07:36

Bostgarren urtez, Alkizako Sormenaren Kabia prest dago jada bi artistei harrera egiteko. Egonaldiak atzo aurkeztu zituzten Ur mara museoko negutegian aurreko urteetako parte hartzaileekin eta epaimahaikideekin. «Artea eta natura maite duten sortzaileei zuzendua dago», adierazi zuen Edurne Ayuso Alkizako kultura teknikariak, Iñaki Irazabalbeitia alkatearekin eta Koldobika Jauregi artistarekin batera.

Sorkuntza mota guztietako artistei zuzendua dago egonaldia, «artearen zentzu zabalenean ulertzen dugu, ez bakarrik margolariak, baizik eta argazkilariak, dantzariak, eta esparru hori zabaldu nahi dugu», azaldu zuen Irazabalbeitiak. Hori dela eta, aurtengoan ez dute eskaera berezirik egin nahi izan. «Oso gauza interesgarriak aurkeztu dira orain arte, ilustrazioa, antzerkia, argazkilaritza, eduki ditugu», gogoratu zuen Jauregik, «espero dut aurten estatuko artistak ere proiektuak aurkeztea. Badaude bere proiektua aukeratu izan ez den sortzaileak baina oso lan interesgarriak zituenak, eta gero gurekin lan egiten ari direnak».

Sortzaileek hiru asteko egonaldia izango dute Alkizan beren proiektua garatu ahal izateko. Lete nekazal turismoko apartamentuetan egongo dira, eta horrez gain, bakoitzak mila euroko sari bana jasoko du baita Koldobika Jauregiren eta Elena Cajaravilleren aholkularitza ere, behar izanez gero. «Proiektuek Alkizan egingarriak izan beharko dute. Naturan gaude, eta eskertzen dugu datozenak ere herrian integratzea», azpimarratu zuten. Hori bai, «etorri izan direnek hiru asteren ondoren ez dute joan nahi izaten», zioten.

Sormenaren Kabia egonaldietan izena emateko epea gaurtik aurrera egongo da zabalik, ekainaren 30era arte. Artistek beren proiektua deskribatzen duen txostena zein material grafikoa aurkeztu beharko dute, baita aurreikusten duten lan-egutegia ere, beren curriculumarekin eta aurkezpen eskutitzarekin batera. Eskaerak Alkizako Udaletxera postaz edota [email protected] helbidera bidali daitezke. Oinarri guztiak www.alkiza.eus edo www.fagus-alkiza.eus helbideetan kontsultatu daitezke.

Natura beharrezkoa

Hernio Gazumeko inguruneak garrantzia berezia izan du orain arteko egonaldietan, eta aurkezpenean parte hartu zuten epaimahaiko kide izango diren artistek. «Naturara ateratzea beharrezkoa da, ohikotik ateratzea. Garrantzitsua da ere herriko jendearekin sare bat osatzea», zioten Undermount Igeldo arte mintegiko Laura Minerrek eta Oscar Martinek.

Usoa Zumeta serigrafia-egileak ere, epaimahaikide izango denak, Sormenaren Kabia bezalako artistentzako laguntzak eskertu zituen. «Babes-guneak eta arnas-guneak behar ditugu. Naturarekin kontaktua izatea ahalbidetzeko eta ongi hartzen zaituzten herritarrekin».

Habiak basoan

Sormenaren Kabia egonaldiei amaiera emateko ohitura den bezala, Alkizarako eta egonaldiekin erlazionatutako arte-sorkuntzaren aurkezpena egin zen. Aurten, Ainhoa Goenagak txori-habiekin egindako erakusketa aurkeztu zuen Ur marako negutegian.

«Habia guztiak bi ezik nik egindakoak dira. Aranzadiko kideekin egon nintzen eta txori ezberdinek egiten dituzten habiak ikusita, horien antzekoak egin ditut. Batzuk goroldioarekin, besteak buztinarekin, beste bat antzinako saskigintza teknikak erabiliz», azaldu zuen Goenagak. «Habiak sormenarekin oso lotuta daude, oso material gutxirekin eginda daude, aurkitzen dutenarekin egiten dituzte».

Atzo, maiatzaren 14an, Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatu zen eta horren inguruan, Goenagak habia kutxak Hernio Gazumeko basoko zuhaitzetan kokatu nahi ditu datozen egunetan, «jendearen kontzientzia pizteko. Hegaztien migraziorako pasagune garrantzitsua da Hernio Gazume, baina aldi berean ehiza eta gizakion presentzia dago», azaldu zuen. Ekitaldiari amaiera emateko, Ur marako kide den Juan Kruz Igerabidek Sormenaren Kabiari idatzitako poesia irakurri zuen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Sormenaren Kabiak bi artistentzako egonaldien deialdia ireki du

Alkiza: Sormenaren Kabiak bi artistentzako egonaldien deialdia ireki du