Goierri
Musika eta dantza aurretik, datorren asteburu berezia girotzeko
Secciones
Servicios
Destacamos
Goierri
Musika eta dantza aurretik, datorren asteburu berezia girotzekoOstegun arratsaldean kontzertu berezia izango da Zegaman: Tobera musika- eta dantza-eskolako 'Musika Elkarrekin' eta 'Norabide' taldeek emanaldi partekatu bat eskainiko dute Manoloneko izkinan, 19:00etan. Emanaldia Zegamako Maratoiaren testuinguruan kokatzen da, eta Toberak berak antolatu du.
Musika herrira ateratzeko eta ikasleen lana publikoaren aurrean erakusteko aukera paregabea izango da kontzertua. 'Musika Elkarrekin' konbo-taldeak 2021eko apirilean ekin zion bere ibilbideari, eta musikako ikasle helduek osatzen dute. Pandemiaren ostean sortutako taldeak hainbat emanaldiren bidez sendotu du bere presentzia, eta Zegaman bertan jada erreferente bihurtu da helduen arteko musika-praktika partekatuan. Aldiz, 'Norabide' talde gaztea ikasturte honetan sortu da, baina dagoeneko hainbat agerpen egin ditu eskolak eta beste eragile batzuek antolatutako ekitaldietan. Gaztetxoek ilusio handiz eta erritmo biziz heldu diote bide berriari.
Kontzertua izango da Toberako ikasleen maiatzeko ekintza ugarietako bat. Hain zuzen, 'Kantu (berri) bat gara' ikuskizunean, 'Amalur' dantza-taldeak parte hartu zuen, hainbat abestiren koreografiak sortuz eta interpretatuz. Horrez gain, Zegamako jaunartzeetan ere izan ziren ikusgai eskolako zenbait euskal dantza-ikasle, herriko ospakizunetan tradizioari jarraipena emanez.
Bestalde, musika hizkuntzako ikasleekin instrumentu ezagutza-saioak egiten ari dira egunotan, haur eta gaztetxoen jakin-mina eta motibazioa sustatuz. Eta euskararekiko konpromisoari eutsiz, Tobera Euskaraldian 'Arigune' izaten ari da, euskararen aldeko jarrera eta erabilera sustatuz bere jardun guztietan.
Maiatzaren amaieran beste irteera interesgarri bat egingo dute: hilaren 29an, ostegunean, musika-hizkuntza eta dantza ikasleak Oiartzunera joango dira, Soinuenea – Herri Musikaren Txokoa museoa ezagutzeko. Irteera Zegamako Eroski paretik izango da 16:15ean, eta 16:30ean Segurako plazatik. Iluntzean, 21:00ak aldera itzuliko dira herrira.
Toberak jada begiak jarrita ditu ekainean, eta han ere ez da jarduera faltarik izango. Segurako futbol klubaren egunean musika-ikasleek joko dute, eta Segurako dantzarien topaketan dantza-taldeak txoko baten ardura hartuko du. Horrekin batera, ikasturte amaierako jaialdiak ekainaren 16an eta 17an ospatuko dira, eta Toberak parte hartuko du Segurako jaietako kalejiran zein Zegamako San Joan suaren inguruko dantzaldian.
Ekintza artistikoez gain, ebaluazio akademikoek ere presentzia hartuko dute: hirugarren ebaluazioa, diploma-azterketak eta balorazio-bilerak aurreikusi dituzte datozen asteetan.
Dagoeneko gainera zabalik dago matrikula-epea datorren ikasturterako. Maiatzaren 25a baino lehen egin beharko da izen-ematea, tobera.org webgunean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.