
Secciones
Servicios
Destacamos
Bertatik bertara dastatu ahal izango da bihartik aurrera Durangoko Azokan 2022 urteko uzta; gertutik; norberaren ohiturek edo osasun egoerak kontrakoa gomendatu ezean, aurpegia desestalita; komeni den orduan, aurretiako hitzordurik gabe; lagunengana eta sortzaileengana hurbilduz; liburuak usainduz; musikaz ondokoarengandik urrundu gabe disfrutatuz...
57. edizioa aurkeztu zenetik argi baino argiago geratu den moduan, alegia, lehengoa izateak egiten du berri aurtengo Azoka. Hein batean 'bikoiztu' izanak ere bai, plaza propioa izango baitu musikak aurreneko aldiz.Liburu, aldizkari eta oro har euskarri nagusi gisa papera duten proposamenek, edonola ere, musikak baino espazio handiago dute, erakusteko ere gehiago baitago: 689 liburu berri, 141 musika-produkturen aldean.Kopuru gordin hori irizpide askoren arabera disekzionatu liteke - generoka (birritan), hizkuntzaka, hartzaileen ezaugarrien arabera...- baina disekzioa egin gabe dagoenez, ariketa antzua da ondorioak ateratzen tematzea. Esan daitekeena da urtero legez denetatik ekarri duela 2022ko uztak, eta irakurle bakoitzari dagokiola gogoko saskia osatzea.
Eleberria abiapuntu ona izan daiteke paper gaineko ibilbide hau egiten hasteko. Kopurua eta kontuan hartuta, bukatzeko ere bai kasik, oraingoz behintzat. Nobeletara jo dezakete, esaterako, errealitate astun honi iskin egin nahi diotenek. Ez dira falta aukera distopiko/utopiko/espekulatiboak. Adibidez, Mikel Alvarez Sarriegiren 'Euskalia' (Elkar), Katixa Agirreren 'Berriz zentauro' (Elkar) edo Asel Luzarragaren hamahirugarren nobela, 'Esan gabe doa' (Txalaparta), trilogia baten lehena, non 2026an Askayala herri askeen federazioa nazioarteko aliantza baten inbasioaren mehatxupean egongo den. Lan horiek egutegi eta mapetan guretik urruntzen badira ere, ez zaizkigu batere arrotzak egingo proposatzen dituzten gai eta gogoetak.
Noticia Relacionada
Misteriozko nobelek, 'thriller'-ek, nobela beltzek edo abenturazkoek ere ematen dute askotan entretenimendua eta gogoeta uztartzeko modua. Atal horretan ez daude nobedade gutxi... Jarraitzaile ugari dituen Alberto Ladrón Aranak eleberri diferente samarra dakar aurten, historia eta fantasia gehitu baitizkio ohiko osagaiei 'Ilunpeko zelataria' (Elkar) eleberrian. 'Beti mugan'-en (Elkar), berriz, historia abenturarekin uztartu du Ruben Ruiz Perezek. Nobelarik ekarri gabe ia hamar urte igaro ostean, genero 'beltz ñabartu' halako batera itzuli da Aingeru Epaltza, umore beltzetik ere dezente duen 'Erretzaile damutuen konpainia' (Elkar) eleberrian, non irakurleak berriro aurkituko duen 'Rock'n'roll'-eko Edu Saragueta alferrik galdu samar bat.
Maiztasun handiagoz heltzen da irakurleengana Jon Arretxek sortutako Toure zorigabea. Bilbora itzuliko da 'Lyrica garaia' entrega berrian. Lehen liburua plazaratu duten bi egile ditu lagun Arretxek Ereinen Uzta Gorria sailean: '72 ordu' nobelan Elkanoren lehorreratzea hilketa batekin astintzen duen Kepa Iribar kazetari getariarra eta 'Etxe berdea'-n kontatzen duen istorio tragikora haurtzaroko paisaiak eraman dituen Andoni Agirrezabala alegiar gaztea.
Liburuen plazara aurrenekoz eta bakarka irten direnen artean, sorkuntzaren beste arlo batzuetan oso ezagunak diren bi emakume daude, nobela banarekin etorri direnak biak, Susaren eskutik: 'Bar Gloria' argitaratu duen Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari eta kazetaria eta 'Gari eta goroldiozko' idatzi duen Anari Alberdi Santesteban musikaria. Eskarmentuari dagokionez, beste muturrean legoke lehen nobela orain dela 43 urte argitaratu zuen Arantxa Urretabizkaia. Udaberrian plazaratu zen 'Azken etxea'-k (Pamiela) bizirik jarraituko du Durangon, liburu salduenen zerrendan bizi-bizirik segitzen duen moduan.
Zerrenda horretan dago, halaber, Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren 'M. Ama Eme Ume' (Elkar), amatasunaren inguruko ikuspegi desberdinak islatzen dituzten liburuak pizten ari diren interes handiaren lekuko. Azokara eramango dituen nobedadeen erdiak (16tik 8) emakumeek idatziak diren Alberdania etxeak bi lanekin aberastu du eremu hori: Goiatz Labandibarren 21 narrazio biltzen dituen 'Amez'-ekin eta Maite López Las Herasen 'Amatu' saiakerarekin.
Emakumeek literaturgintzaren arlo guztietan, jatorrizko bertsioan zein itzulian, 2022ko katalogoari egin dioten ekarpena zabala eta askotarikoa da, eta barne hartzen ditu aparteko arreta merezi duten pieza oso bereziak. Genero guztietan daude bitxi bakanak. Oraingoan ia aipatu gabe geratu diren eta merezi duten tartea izango duten saiakeran edo ipuingintzan ere bai, jakina.
Jatorrizkoaren eta itzulitakoaren arteko muga mental gero eta lausoagoez zein hizkuntzen arteko joan-etorriko bidaiez gogoetatzeko aukera ere ematen du 2022ko uztak. Eta, beti bezala, poesiaren dohain berezko eta besterenezinetan murgiltzekoa. Badira arlo horretan ezinbesteko erreferentziak, hala nola aurten sei poesia liburu -azkena Harkaitz Canoren 'Pozaren erdia' soneto-bilduma- argitaratu dituen Susa etxea. Balea Zuria ez da Durangon egongo, ezin ahaztu ekarri dituen liburuak, berriena Felipe Juaristiren 'Harrizko gaitz hau'. Ereinek argitaratu duen Angel Erroren 'Poema liburu bat-irakurtzeko jarraibideak' ere gehitu daiteke saskira, beste askorekin batera, hori arreta handiz landutako hitz iradokitzailez bete nahi izanez gero.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.