Borrar
Azken bi urteetan askok faltan eman duten irudia: Landako gunea bisitariz bete-beteta. JOSÉ MARI LÓPEZ

Euskaratik katalanera eta buelta, literatura itzulia zubiak sendotzeko

'Gazte EztanDA!' egitasmo berriak erakarriko du gaur arreta, baina itzulpenen inguruko ekitaldi interesgarrik ere bada

Viernes, 9 de diciembre 2022, 12:57

«Euria, tokirik ez bazkaltzeko. Dena lepo. Betiko Azoka itzuli da...», txiokatu zuen bazkalondoan, bazkaldu gabe seguruenik, Durangoko Azokaren eta euskal kulturgintzaren nondik norako eta gorabeherak oso ondo ezagutzen dituen kazetari eskarmentudun batek. Bigarren egunaren antzeko balorazioa egin zuten antolatzaileek, hitz gehixeago erabilita: «Landako gunea beteta izan dugu egun osoan zehar, Azokako betiko argazkia berreskuratuta. Hainbat sortzaileren erakusmahaietan ilarak sortu dira euren azken lana erosi eta sinadurak lortzeko».

Antolatzaileek adierazi zutenez, Saguganbaran, Szenatokian eta Ahotsenean ere aforoa bete zen ikuskizun eta aurkezpen batzuetan, eta atzo martxan jarri zen autobus-zerbitzuak errefortzua behar izan zuen tarteka.

Batzuentzat astegun buruzuri, beste askorentzat zubi baten begi, 57. edizioaren erdialdea finkatzen duen ostiral hau ere proposamen interesgarriz beteta dator, bertaratzen direnentzat zein katalogoan murgildu eta etxetik erosteko aukera baliatu nahi dutenentzat. Hasiak omen dira aurreneko paketeak irakurleenganako bidea egiten.

Ostiral honetan, gazteei zuzendutako egitarau berezia dakarren 'Gazte EztanDA!'-k erakarriko du batik bat arreta, baina izulpengintzak ere izango du Ahotsenea Literaturaren baitan Musika Eskolan egiten diren aurkezpenez haragoko presentzia. Izan ere, estreinakoz Azokara erakusketari gisa etorri den Pol.len Edicions argitaletxe katalanaren aurkezpena egingo da, lehen aldiz Azokaren geografiara bildu den Durangoko Museoan. 'Itzulpena elkartasuna da' izenburupean, 18:00etatik aurrera Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Mikel Soto, Mari Luz Esteban, Eider Eibar, Adur Larrea, Susanna Martin eta AsisKo ariko dira solasean.

Atzokoak eta gaurkoak

Berezitasun bat baino gehiago duen argitaletxe katalanak «Euskal Herriko literatura, poesia, komikia eta saiakera» eraman nahi ditu katalanera. Alderantzizko bidea egin duten lan interesgarriak ere aurki daitezke aurten Azokako erakusmahaietan eta katalogoan, iraganekoak zein gaur-gaurkoak. Iraganekoen artean, aipatzekoa da Txalapartak argitaratu duen 'Atsoa', Víctor Català i Montseny luma-izena baliatu zuen Caterina Albert i Paradís (1869-1966) idazle, margolari eta eskultorearen antologia, hamar ipuinez osatua, bere bizitzan argitaratutako lehena eta azkena barne. Blanca Llum Vidalek egin du hautaketa, Cira Crespok hitzaurrea eta itzulpena, berriz, Sagastibeltza izena aukeratu duen norbaitek.

Bide batez, ez da egile hau iraganetik berreskuratua izan den emakume idazke bakarra, Ereinek Luisa Carnés (Madril, 1906-Mexiko, 1964) idazle espainiar opario eta ahaztuaren ipuinak berpiztu baititu Danele Sarriugartek euskaratu duen 'Hamairu ipuin' liburuan.

Itzulpenen inguruan sortu zen Igela, eta horretan dihardu. JOSÉ MARI LÓPEZ

1988an, aurten ere liburu oso ederrak ekarri dituen Literatura Unibertsala ekimena abiatu baino lehen, euskarazko literatura itzulpenekin aberasteko sortu zen Igela argitaletxeak berretsi egin du, neurri batean baita berritu ere, itzulpenaren aldeko apustua. Aurtengo nobedade-sortaren barruan ekarri ditu Kataluniako idazle gazte baten ipuinak: Irene Pujadas i Farréren 'Puskak'. Idazle, kritikari eta editore, ipuingile eta egunerokotasunaren kontalari aparta da 1990an Bartzelonako Sant Just Desvernen jaiotako Pujadas. Amaia Apalauza Ollok euskaratu ditu 'Puskak' osatzen duten 21 ipuin zirikatzaileak.

Aurrekoarekin izena eta jaiotze-urtea partekatzen duen gaur-gaurko beste idazle katalan baten liburu bat argitaratu du Alberdaniak: Irene Solàren (Malla, Bartzelona, 1990) 'Dikeak', Joxan Elosegik euskaratua. Aurten itzulpenei sekulako garrantzia eman dien argitaletxeak -narrazio sailean, bederatzi liburutatik zazpi itzulpenak dira- Solàk 2017an argitaratu zuen liburua ekarri du, aurrenekoa, non protagonista jaioterrira itzultzen den, hainbat urte kanpoan igaro ondoren. Lehendik euskaraz argitaratuta zeukaten egilearen 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' arrakastatsua, sari ugari jasotako eta hizkuntza askotara eramandako liburua.

Bosgarren Sormen beka: eukaliptoak metafora gisa

Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du bosgarren Sormen Beka, 'Eucalyptus' izeneko proiektuarekin. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, 2023ko Azokara arte.

Epaimahaiaren hitzetan, «proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak (...)». Eukaliptusaren balio metaforikokotik abiatuta «hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasuna» izan du, alegia.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaratik katalanera eta buelta, literatura itzulia zubiak sendotzeko

Euskaratik katalanera eta buelta, literatura itzulia zubiak sendotzeko