Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Euskal ekoizleen festa

Bi urteren ostean talo, txistorra, sagardo eta beste hainbat produkturen salmentak girotu zuen Santo Tomaseko azoka

Ander Balanzategi

San Sebastián

Miércoles, 21 de diciembre 2022, 20:43

Egun handia izan zen atzokoa talogile, sagardogile, turroigile, zapatari eta beste saltzaile askorentzat. Donostiako kaleetan jarritako postuetatik milaka pertsona pasatu ziren eta askok dirua ere bertan utzi zuten. Bi urteren ostean, ekoizle asko urteko hitzordu garrantzitsuenetako batera bueltatzeko irrikitan zeuden. Eta ez ziren damutu. Txistorra dastatzeko gogoa zegoen eta ilara handiak sortu ziren sabela betetzeko. Postu batzuetan 30 pertsona baino gehiago izerdi-patsetan zeuden eguerdi alderako eta deskantsatzeko denborarik ere ez zuten izan. Janariari laguntzeko eta eguzkiak eragin zuen egarria asetzeko, sagardo botilekin txotx ugari egin zen. Hala ere, produktu klasikoez gain, turroiak eta gaztak saldu zituztenek egun oparoa izan zuten. Saltzaileek jendea «gastatzeko gogoz» zegoela komentatu eta «festa giroa» eskertu zuten. Azoka oparoa izan zen jakiak salgai ez zituztenentzat ere. Azokara gerturatu zirenek arropa, osagarri eta zapatekin kutxa bete zuten.

  1. Joxe

    Talogilea

    «Kristina Saralegi, taloen erregina, omendu dugu»

Saralegi Taloak-en postuan lanean zebiltzenentzat atzokoa eguna berezia izan zen. Postuaren goialdean otsailean zendutako Kristina Saralegiren argazkia jarri zuten «taloen erregina» omentzeko. Horrela deitu zion bere senarrak, Joxe Manuel Huicik, buru-belarri txistorra ateratzen zegoen bitartean. Eguraldiak lagundu zuen eta jendetza bildu zen postuen inguruan. «Pandemia aurreko zenbakietara iristea zaila izango da, baina talozaleak gogotsu ikusten dira», adierazten zuen Huicik. Leitzarrek, Madozetik ekarritako sagardogileekin partekatu zuten postua erosleek eztarria busti zezaten. «Joseba gure laguna da eta produktu desberdinak batuz gero denontzat emaitza hobeago lortzen dugu», komentatzen zuen. Urte askotan zehar San Tomaseko txerria Kristinak ekarri izan du, baina Joxe Manuelek ez du horrekin jarraitzeko gogorik izan. Txerririk ez, baina txistorra guztientzat. «Kilo pila bat ekartzen ditugu, eta beste postuetakoek ere sarritan eskatu izan digute txistorra bukatu zaienean», gogorarazten zuen Huicik. Talo masa potoloan bilduta, Leitzatik ekarritako txistorra arrakastsua izan zen.

  1. Xabie

    Zapataria

    «Azken bi urteetan azokarik gabe nahiko justu ibili gara»

Elkano kalean, Zapatari postuaren aurrean, donostiarrak eta bisitariak jakin-minez geratzen ziren. Bertan, Xabier Iturriozek larruz egindako artisau zapatak saltzen zituen. «Lehendabiziko aldiz orain dela 25 urte etorri ginen eta hasiera batean Konstituzio plazako arkupeetan kokatzen ginen», kontatzen zuen. Nafarroako Eraso herritik etorriak, azken bi urteetan azokarik gabe egoteak «nahiko justu» ibiltzea eragin die. Izan ere, salmenten %90 horrelako egunetan egiten dituzte. Iturriozek atzoko egunean jende gehiago espero zuen, baina salmentak bere kuadernoa betetzen joan ziren. «Gizon batek duela bost urte erositako zapatak ekarri ditu zola aldatzeko eta azkenean berri batzuekin joan da», zioen. Erremintak eta tenazak lurrean utzita, zapatagileak beste bi laguntzaile zituen. «Jaionek telak mozten ditu, Mari Carmenek josi eta nik sola jartzen diet», azaltzen zien Iturriozek erosleei. «Ez dira gu bezalako zapatari artisau asko geratzen eta badakigu negozio honekin denboran aurrera jarraitzea zaila izango dela», onartzen zuen. Hala ere, ardo beltza eta txistorra eskuetan zituela, poza erakutsi zuen Donostiara itzultzeagarik. Hori bat urtea bukatzeko oraindik lan handia egin beharko dute, gaur bertan Arrasateko Santamasetan eta Elgoibarren Urtezahar egunean azken irabaziak poltsikoratzeko. Hurrengo Santo Tomasetan azokara bueltatzea espero dute eta «eskuz egindako produktuen kalitatea» nabarmendu nahi izan zuten.

Imagen principal - Euskal ekoizleen festa
Imagen secundaria 1 - Euskal ekoizleen festa
Imagen secundaria 2 - Euskal ekoizleen festa
  1. José

    Gaztegilea

    «Jendea festa giroan etorri da eta erosteko prest dago»

Gazta ere atzoko protagonista nagusietako bat izan zen. Txistorra pintxo eta taloak jateko aukera ez ezik, postu batzuetan gazta pintxoak saldu zituzten. Menbriloarekin eta gabe, gustu guztiak asetzeko. Aldundiko arkuetan eguzki izpietatik babesturik, Jose Ramón Etxabek etxeko gazta, Idiazabal eta zaharra saltzen zituen. «Pintxoak eta bokadilo txikiak egin ditugu jendeak festa giroan dagoelako eta erosteko prest dagoelako», zioen. Eguraldi ona eskertu zuen Etxabek eta 2019ko San Tomas egunean egindako salmentak berdintzeko faktore garrantzitsu bezala azpimarratu zuen. «Bi urtez gure produkzioa geldi egon da eta gaizki pasatu dugu», esan zuen. Ez ziren gutxi postuaren parean geratzen zirenak, gaztaren itxura eta usainak erakarrita. Pintxo ugari banatu zituzten eta batek baino gehiagok, zati txikia jan eta gero, gazta handi bat eraman zuen etxera. Atzo 300 eta 500 pieza artean saldu zituzten eta pandemia aurreko garaietara bueltatu ziren. 30 urteren ostean, 'Etxabe gaztak' urteko azoka garrantzitsuenari indartsu eusten dio.

  1. Manue

    Harakina

    «Erakusleiho garrantzitsua da postua edukitzea»

Basatxerri kooperatibak lehengo Santo Tomasak bizi izan zituen. 'Roxaito' txerria beraiek ekarri zuten eta animaliaren metro gutxitara Basatxerrik postua kokatu zuen. Donostiako Konstituzio plazan urdaiazpikoa, saltxitxoia, txorizoa edo patea saltzen ibili ziren. Manuel Eizagirrerentzat, kooperatibalo kidea, helburu nagusia ez zen salmenta izan, baizik eta Basatxerri marka zabaltzea horrelako egunek eskaintzen duten erakusleihoan. «Noizbehinka egon naiz Donostiako San Tomas egunean, baina ez nago ohituta hainbeste jenderen artean ibiltzen. Aizarnazabalen lasaiago bizi naiz», barre egiten zuen Eizagirrek. 'Roxaito' ere antzeko ibili zen, «gaur ez dago guztiz lasai baina ondo ari moldatzen». Basatxerrik 20 urte daramatza haragia hiru lurraldeetako herrietan banatzen, nahiz eta «oso ezagunak ez izan». Haragia Zestoan tratatzen dute eta animaliak Euskadi osoan zehar banatutako baserrietan dituzte. Ukuilu bakoitzean 150 bat txerri. Eizagirre, hainbeste jenderen artean oso gustora ibili ez arren, hurrengo urtean bueltatzeko gogoz agertu zen.

  1. Rafa

    Turroigilea

    «Goizean jendea kostata hurbildu da, baina gero bete da»

Gabonetan saltzen diren produktuen artean turroiak ere lekua izan zuen atzo noski. Gogorra, biguna, txokolatezko klasikoak, mandarina edo armagnac saporekoak... Rafa Gorrotxategik denak zituen. Korteko turroi tradizionala alde batetik eta tabletazkoa bestatik. Tolosarrak azokarako buelta gogoz hartu zuen, beste edizio bat gehituz 40 urtez gehitutako esperientzia luzeari. «Goizean zehar jendea kostata hurbildu baina azkenean betetzen joan da», zioen Sheila Sueldok, postuko langileetako batek. Xaxuak izan ziren izarrak, «baina askok teila ezagunengatik ere galdetzen dute». Aurreko urtean mandarina darman turroiak munduko bigarren turroi hoberenaren saria irabazi zuen eta atzo ere salduenetako bat izan zen. Postura gerturatu ziren askok pisura erosteko intentzioarekin egin zuten, baina aukerarik ez zen egon. «Koronabirusa dela eta aukera hori kendu genuen eta horrela jarraitzen dugu», argitu zuen Sueldok. Kaxa mordoa ekarri zituzten Tolosatik, baian ez zegoen beldurrik dena saltzeko. «Nahi duenak turroi hauekin Gabonetarako produktu ezin hobea du. Norberak jateko edo familiari oparitzeko», azaltzen zuen. Halako batean donostiar batek armagnaca zeramaten 12 tableta eskatu zizkion Sueldori. «Horrela izango balira salmenta guztiak...», egin zuen parre saltzaileak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal ekoizleen festa

Euskal ekoizleen festa