Borrar
Andoni Egañak eta Jon Maiak euren begiradak gurutzatzen dituzte bakoitzaren kolore kutunak adierazten dituzten bufandak hartuta, Donostiako kale batean derbiaren atarian. LOBO ALTUNA
Derbi Anoetan

Realeko zerebroa eta Athleticeko baldar egokia

Batak besteari jarri dio izengoitia. Andoni Egañak eta Jon Maiak euren zaletasuna azaldu eta gaurko derbia aztertu dute. Elkarrekin ikusiko dute Anoetan

Gaizka Lasa

San Sebastián

Domingo, 9 de febrero 2020, 07:40

Andoni Egaña (Zarautz, 1961) eta Jon Maia (Urretxu, 1972) hitzaren maisuak izateaz gain, inguruan gertatzen denaren behatzaile finak ere badira. Gaitasun hori futbolari begira jartzea eskatu diegu. Euren taldeei begira. Derbiaren aztertzaile pare bikainagorik? Realzalea da zarauztarra; Athletic nahiago du zumaiarrak. Partida dago.

Jonen zaletasunaren jatorria kolorean dago. «Sei urterekin Urretxun futbol kamiseta bat erosi behar nuen eta mostradorean bi jarri zizkidaten. Zuri-gorria aukeratu nuen. Bestea ea nahiago ez ote nuen esaten zidaten behin eta berriz, baina kolore horiek gustatu zitzaizkidan. Bestalde, etorkin familia batekoa izanik, ez dut Gipuzkoako realzaletasun hori jaso. Gero koloreak arrazoiz betetzen joan naiz».

Andonik barre egiten du. «Koloreengatik izango balitz Athletic zalea izango nintzateke Zarautzen zuri-gorriz jokatu bainuen. Tradiziotik datorkit Reala. Oroitzapen bat daukat, etxe zaharreko sukaldean, aita eta aitona adi irratia entzuten. Kopako finalerdiak ziren, Elcheren eta Realaren artean. 1969 urtea. Aita Realekoa zenez, ni ere bai».

Geroztik, biak saiatu dira euren taldearen ibilbidea jarraitzen. Nerabe zirela, zelaira ordaindu gabe joateko modua aurkitu zuten. «Zamoratik Bilbora etorri zen osaba baten alaba Athleticeko prentsaburua izan zen, eta bere bidez orduan hasi nintzen San Mamesera joaten», dio Jonek. Andonik Zarauzko ikastolako txistulari taldeaz baliatu zen helburua lortzeko. «Imanol Urbietarekin debalde etortzen ginen Atochara animatzearen truke, 'Mercado de Frutasen' atearen atzean. Niri txistua jotzea ez zitzaidan gustatzen baina futbolera joateko bi pieza ikasi nituen 13-14 urterekin. Lehenengo Europako kanporaketetan izan nintzen. Banik Ostrava, Liverpool eta horiek ikusi nituen garai hartan».

«Baliabidez justu dabil Athletic baina sakrifizio gaitasuna garatu du eta irabazteko talde zaila da»

jon maia

«Realak harrituta nauka joko onarekin, baina baita beldurtuta ere. Beti bi sartzen dizkigute»

andoni egaña

Gaurko egunera etorrita, hara Egañaren lehenengo gogoeta. «Athletic ari da gipuzkoarrak bezala jokatzen. Eta Reala, bizkaitarrak bezala. Athletic atzean oso sendo ari da eta alaitasun gutxirekin, su artifizial gutxirekin. Hori gipuzkoarren izaera gehiago da bizkaitarrena baino, teorian. Eta Reala hor ari da 'pin-pan-pun' goraka, atzera ahal duen bezala egiten duen bitartean. Izaerak nahastuta daude. Realak harrituta eta beldurtuta nauka. Joko harrigarri ona egiten duelako, baina bigarren zatietan beti bi sartzen dizkigutelako».

Realzale gehienok bezalaxe, Andonik sufritu egin behar du gaur. «Imanolen taldeak atera duen jokoa gustatzen zait ikusteko. Realekoa ez banintz, hori ikustea gustatuko litzaidake beti. Granada balitz, esaterako. Nire taldea izanik, ordea, asko disfrutatzen dut, baina baita ederki sufritu ere. Beste talde bateko zalea banintz, Realeko jokoa ederra irudituko litzaidake. Ederra baita. Baina...».

Jonek bere erara darama sufrimendua. «Athletic ahalegin izugarrian oinarritzen da. Nahiko osagai justuak dauzka. Apenas egin du fitxaketarik azken bi edo hiru urteetan. Realaren kontrakoa. Austero dabil. Baina sakrifizio gaitasun handia garatu du».

Hau entzunda, zarauztarrak lagunaren azalpena eten egin du. «Austeritatearena... Azken fitxaketen artean Yuri eta Iñigo Martinez dituzue, hemendik joandakoak biak».

Derbiari eskainitako bertsoak

Andoni Egaña

Derbiari eskainitako bertsoak

Jon Maia

Jonek onartu eta aurrera darrai. «Bai, baina baliabidez justu dabil taldea, eta ahalegin izugarri horretan oinarritzen da. Gaizka Garitanok buelta handia eman dio taldeari. Ondo daki dauzkan jokalariak erabiltzen. Irabazteko talde zaila da. Barçak ez zuen zirrikiturik aurkitu ostegunean. Bertan nengoen. Jokaldi berean hiru futbolari lurrera botatzen ikusi nintuen. Horrek aulkitik jaikiarazten nau. Ikusten dut Athleticek espiritu hori daukala erabat eta horrek asetzen nau. Izaera hori gustatzen zait».

Neskak ere gogoan

Bi taldeen deskribapena egin ondoren, gaurko partida nolakoa aurreikusten duten galdetu diegu. Ez dute argi ikusten. Jonen arabera, «partida arraroa izango da, Kopako finalaurreko batzuk egonda kantoiaren beste aldean. Bi taldeak nahiko desitxuratuak egongo dira. Derbi desberdina izango da. Beste jokalari batzuek izango dute aukera. Ez dira izango bi talde bere potentzial osoarekin bata bestearen aurka. Egoera horretan aukera gehiago ikusten dizkiot Athletici». Andoni ez da busti. Bere konformismoak prezio garestia dauka. «Beraiek neurketa asko berdindu dituzte azken asteetan eta gaur berdinketa sinatzen dut... aurretik neskek Supercopa irabazten badute». Hori ere Anoetan elkarrekin ikusiko dute, zerbait hartuz, Realak antolatu duen festari esker.

Giro ederra espero dute Donostian. Bi afizioen arteko harremana ona dela diote. «Denerako izango dira adibideak, baina guk bizi izan ditugun bertso derbietan, batekoa ala bestekoa izan, ondo ulertu dituzte adarjotzeak. Boladak izaten ditu bi afizioen arteko harremanak. Beste zenbait tokitako derbiak ikusita, bata besteari irainka nola aritzen diren, gurea sanoa dela esango nuke», dio Andonik. Jonek onartu digunez, «irainak hasten direnean, gaizki pasatzen dut. Urteetan egon naiz derbi batera joan nahi izan gabe. Gaur egun ere hasten dira tarteka, eta ez zait batere gustatzen».

«Irainak hasten direnean gaizki pasatzen dut. Urteetan egon naiz derbi batera joan nahi izan gabe»

jon maia

«Athleticek partida asko berdindu ditu eta nik gaur berdinketa sinatzen dut... neskek irabazten badute»

andoni egaña

Biei pozgarria iruditzen zaie talde bakoitzean dagoen euskararen erabilera. Andoni Egañak argi du: «Duela hiru hamarkada, Realak eta Athleticek ligak irabazten zituzteneko garaietan, taldeak 'vasco'agoak izango ziren baina gaur dauzkatenak baino hiztun gutxiago zituzten. Hala ere, garrantzia ez dauka hainbeste izarren ligan egiten denak, baizik eta egunerokoan Zubietan eta Lezaman egiten denak. Jokalari gehienak euskaraz hezi dira eta Hezkuntzari zor zaiona ikus dadila goi mailara iristean. Harrigarria eta harrotzekoa da euskal taldeetako bost entrenatzaileak euskaraz aritzea».

Bukatzeko, bertsolari paperean ere jarri ditugu. Gaur zelaira jokatzera atera beharko balira, batak bestea non eta nola ikusten duen galdetu diegu. Andoniren ustez, «Jon Julio Salinas bat izango litzateke. Baldar egoki bat. Goleadorea. Ezer egingo ez duela ematen duena baina estatistiketan beti fin». Maiak, berriz, Andoni «zelai erdian jokoa banatzen» jartzen du. «Taldeko zerebroa eta erabakiak hartzen dituena. Baloia mugitu eta beti zirrikitua aurkitzen duena». Eta Andonik erantzun: «Justu kontrakoa naiz. Nik ez dut sekula zuloa ikusi zelaian. Ni gogorra nintzen. Atzelaria».

Una radio cautivó a Egaña y una camiseta sedujo a Jon Maia

Andoni Egaña heredó su afición por la Real de su padre y abuelo, a quienes recuerda escuchar la radio con atención en la cocina durante la semifinal de Copa de 1969 contra el Elche. Jon Maia, de madre extremeña y padre de Zamora, no vivió la pasión txuri-urdin como niño y prefirió el color rojiblanco al elegir su primera camiseta de fútbol, hito a partir del cual desarrolló su afición por el Athletic. Egaña reconoce que su Real juega «de maravilla» aunque «hace sufrir mucho», mientras que Maia se queda con «el sacrificio de un equipo limitado en cuanto a recursos». Esperan un derbi condicionado por las semifinales de la Copa y ninguno de los dos se fía del rival. Auguran un ambiente sano.

Bertso derbian izango dira biak Antzoki Zaharrean 18:00etan

Hobe dute Jonek eta Andonik partidan gertatzen dena kiroltasunez eta jator hartu. Egun osoa elkarrekin emango dute. Anoetako palko batera gonbidatuta daude arratsaldeko 18:00etan Antzoki Zaharrean Bertso derbian abestu baino lehen. Gogoko dute ekimena. Andoniren esanetan, «Realaren eta Athleticen fundazioak bertsolaritzarekin bat egin zutela badira hamar urte eta Bertsozale Elkartearekin elkarlan serioa egin dute. Interesgarria iruditzen zaigu bi klubek kulturarekin zein gure hizkuntzarekin lotura hori izatea». Jonek ere eskertzen du «konponente kulturala sartzea oso mundu merkantilista batean». Bertsotan ere jokatuko da derbia.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Realeko zerebroa eta Athleticeko baldar egokia

Realeko zerebroa eta Athleticeko baldar egokia