Borrar
Iazko martxoaren 31tik apirilaren 10era gauak ere argitu zituen Korrikak. KORRIKA/AEK
Birusetik gerrara

Biharamuna

Norbanako bezala zein komunitate gisa, ez da erraza asmatzea non dagoen iraganetik dakargunaren eta etorkizunerako nahi dugunaren arteko oreka

Sábado, 7 de enero 2023, 07:37

Biharamuna izan liteke orri zuri bat, edo kolore bereko izara garbi eta lisatu berria, zabal-zabal eskaintzen zaiguna. Idazteke, zimurtzeke eta zapuzteke jasotzen dugun azal abegitsu eta freskoa izan beharko litzateke biharamuna, lurreratze-pista erosoa.

Aurrekotik zintzilik iristen zaigu ordea, esku artean erabilia, grisaxkatua, bezperako ajeetatik ezin askaturik, festa baino gehiago bestondo. Urte batek besteari erreleboa ematen dion trantsizio horretan murgilduta jarraitzen dugu egunotan, bezperaren eta biharamunaren artean harrapatuta; iraganean industen, etorkizuna eraikitzeko gauza izango garelakoan. Urtez urte garaiokin batera aktibatzen diren denetariko proposamen eraldatzaeileei dagozkien txatxukeria berberak entzun arren, esango nuke gehienok onartzen dugula txarrerako zein onerako biharamunak bezperarekiko duen morrontza.

Sentipen horrek zerbait berria sortzeko gaitasuna indargabetzen edo galarazten ez digun bitartean, gaitzerdi. Zeren eta menpekotasuna ez baita ezinbestean ahazten saiatzen garen gauza txarrekikoa. Gauza onek ere eragiten dute dependentzia, eta ez dakit ez ote den arriskutsuagoa, antzuagoa.

Gauza onek ere eragiten dute dependentzia; ez dakit ez ote den arriskutsuagoa

Bizitzan zehar tokatzen zaizkigun biharamun ugariek proposatzen diguten egiteko zailenetakoa horixe da: iraganetik dakargunaren eta etorkizunerako nahi dugunaren arteko orekatik gehiegi ez aldentzen saiatzea. Norbanakook maiz egin behar izaten dugu ariketa hori –zeri eutsi, zertatik askatu, zeren bila abiatu...–, etapa aldaketa tokatzen zaigunean batik bat.

Komunitate gisa ere komenigarria izaten da tarteka birkokatzea: biharamunari eta hortik aurrerako egunei aurrez aurre begiratzea eta iraganeko egun ederren oroitzapena pizgarri bilakatzea, ez dadin bihurtu galga. Duela astebete amaitu zen urteak ekarri ziguna kontuan izanda, euskararen komunitatearen biharamuna irudikatzen saiatzea ahalegin polita izan daiteke, ez duelako ematen erraza denik onartzea distira denak ez direla urre, eta urte denak ez direla 2022a, non bizi izan ditugun kar kolektiboaren hainbat une goren, are kartsuagoak pandemiaren garairik zailenetan pilatzen joan zen energiak elikatu zituelako.

Euskararen, euskal kulturaren eta euskalgintzaren urtekaririk egongo balitz, potoloa izango litzateke 2022koa. Argazki asko izango lituzke, eta koloreak ere bai, kabitu beharko liratekeelako, besteak beste, 22. Korrika; 3. Euskaraldia; 57. Durangoko Azoka; bazterrak aztoratu zituen Irulegiko eskua edo 18. Bertsolari Txapelketa Nagusia, final gogoangarria barne, urtea borobiltzen lagundu zuten beste zenbait ekimen eta jarduera ahaztu gabe. Esaterako, euskalgintzaren genealogia islatzen duten urteurrenak: Elkar, Elhuyar eta UEUren 50.a; Topagunearen eta Kontseiluaren 25.a.

Tartean, jakina, joan dira bidera irteten poza kezkarako motiboz zipriztindu duten ikerketa eta txostenak. Euskara eta euskaldunak hutsaren hurrengoa balira bezala tratatzea onenean debalde ateratzen dela frogatzen duten gertaerak aurkitzeko ere ez da sakonegi aitzurtu behar. 2022ko 'subidoia'-ren ondotik, alegia, ildo horretatik etorri da aurreneko 'bajoia', lehenengo belarrondoko judiziala.

Aparra apaldutakoan ikusiko da zer gelditu den edalontzian, eta zer gehitu beharko zaion aurrera egiteko

Iazko indar eta emozio pilaketak eragindako uhinean heldu zaigun 2023an beste ur batzuetan nabigatuko da, ur horietara egokitutako ontzietan. Eskifaiak ere hasi dira aldatzen, badatoz marinel berriak... Biharamuna hemen da; aparra apaldutakoan ikusiko da zer utzi duen iraganak edalontzian, eta zer gehitu beharko zaion aurrera egiteko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Biharamuna

Biharamuna